HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 25
Aldi hartan haurrak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, ordea, haserre egiten zieten. Hori ikustean, haserretu zen Jesus eta esan zien: «Utzi haurrei Nigana etortzen, ez galarazi, horrelakoena da-eta Jainkoaren erreinua. Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala hartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko». Eta, besarkatuz, bedeinkatu egiten zituen haurrak, eskuak gainean ezarriz.
Markos 10, 13-16.
Pasarte honetan dizipuluak ikusten ditugu haurrak Jesusengandik baztertzen, Jesusengana hurbiltzea eragozten zietelako. Agian pentsa dezakegu gaur egun gure gizartean badugula ere nolabait jokabide hau: Jesus eta Jainkoa ezagutzera ez ematea, haurrek aurrerago erabaki ahal izateko ea hurbilketa hori nahi duten ala ez.
Baina Jesusenganako hurbilketak bedeinkapena eta eskuen ezarpena dakarkie. Jesusen goxotasuna, harrera ona eta maitasuna jasotzeko aukera.
Jainkoak gu bere seme-alabatzat hartzen gaitu ehuneko ehunean. Jaiotzean gure gurasoen menpe gaudenean bezala. Eta erabateko askatasunez eta ezer inposatu gabe, musutruk zeruetako erreinura gonbidatzen gaitu.
Jesusen hizkuntza keinuen bitartekoa da ere: eskuak gainean jarri zizkien. Bere bedeinkapena, laztana, asmo ona eta abegikortasuna adierazi zien. Bedeinkatu hitzak besteei buruz ondo hitz egitera gonbidatzen gaitu.
Zenbateraino daukat barneratuta ohitura hau niregan? Zenbatetan hitz egiten dut ondo beste pertsonei buruz? Hitzekin eta keinuekin, nola hurbiltzen naiz besteengana? Jesusek haurrekin egin zuen antzera?
Emaiguzu Jauna Jesusen eredua jarraitu ahal izateko grazia gure ingurukoak bedeinkapenez beteaz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments