HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 24
Aldi hartan, Jesus Judeako mugetan sartu eta Jordan ibaiaz bestaldera igaro zen. Berriro jendetza handia bildu zitzaion eta bera, ohi zuen bezala, irakasten hasi zitzaien. Hurbildu zitzaizkion fariseu batzuk eta, Jesus zertan harrapatuko, galdetu zioten: «Zilegi al zaio gizonari emaztea uztea?». Hark erantzun zien: agindu zizuen horretaz Moisesek?». Eta haiek: «Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun». Jesusek esan zien: «Zeuen burugogorkeriagatik eman zizuen Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen; horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emaztearekin elkartuko da, eta biak haragi bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, haragi bat baizik. Horrela, bada, Jainkoak bat egin duena ez beza gizakiak banandu». Gero, etxean, arazo berari buruz galdetu zioten ikasleek. Jesusek esan zien: «Bere emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak adulterioa egiten du lehenengoaren kontra; eta bere senarra utzi eta beste batekin ezkontzen den emazteak adulterioa egiten du era berean».
Markos 10, 1-12.
Fariseuek Jesus ataka estu batean jartzen dute hemen ere: ea gai den Moisesen legearen aurka joateko frogatu nahi dute.
Jesusek leporatzen die legeen beharra izan zutelako Moises behartuta sentitu zela horrelako arauak ezartzera. Izan ere, denok behar ditugu gure segurtasunak eta araudioa modu lasai batean bizitzeko. Besteek esaten badigute zer dagoen ondo eta zer gaizki, legea nolakoa den, gutako bakoitzak errazago izango dugu honen arabera moldatzeko eta gure bizimodua antolatzeko gure erosotasunetik.
Zaila den arren, etengabe gure buruari galdetu beharko genioke ea gure legeek eta segurtasuna ematen diguten arauek ondo asetzen duten Jainkoaren maitasunaren erreinuaren legea. Etengabe aldaketak eta egoera berriak sortzen zaizkigu bizitzan, gure inguruko anai-arrebekin dugun harremanak ezin dira beti galbahe beretik pasa eta honek malgutasuna eskatzen digu. Gure buruarekin izango genuken malgutasuna, besteekin ere izatea.
Azken finean, Jesusek esaten diguna da ez egiteko minik gure buruari, besteei edo ingurumenari. Ez bilatu nondik saihestu gizakiok egindako legeak baizik eta arreta osoa jarri berak emandako maitasunaren legean: horrela senar-emazte, lagun, bizilagun, atzerritar, senide edo edozeinen epaia eta egoera beste ikuspegi batetik hartuko dugu.
Prest al gaude horretarako? Edo ezarritako legeen berotasunean bizitzera konformatuko gara?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments