Otoiz egin dezagun, Jainko-esperientzia garbitu eta gardentzeko
Kontrakoa dirudien arren, Jainkoa guztiz ezagutzeko ezintasuna esperientzia pozgarria izan beharko litzaiguke: “Bere existentzia frogarazi behar duen Jainkoa, oso Jainko gutxi da (un dios muy poco dios)” (F. Nietzsche, I, 366). Gizakioi ere luza dakioke geure burua guztiz ezagutzeko ezintasuna (Sokrates, G. Marcel, K. Rahner, ,…), eta, Jainkoaren kasuan bezalatsu, ezintasun horretatik tristura bainoago, poztasuna sortu beharko litzaiguke (A. Einstein): “Gizakia etengabeko irekitasunaz hornituta dago” (amairik gabeko humanizazio progresiborako aukera) (L. Boff).
Jainkoa misterio da infinitua delako (Gonzalez Faus) eta gizakiak ere misterio gara infiniturantz (transzendentziarantz) irekiak garelako. Bi infinitutasun horien konfluentzian datza, hain zuzen, giza humanizazio-prozesu bete/bukaezina eta horren ondoriozko zoriontasuna. Jainkoaren misterioak (infinitutasun betea) giza misterioa (infinitutasun beteezina) ahalbidetzen du “Jainkoak esan zuen, ‘Egin dezagun gizakia, izan bedi gure antzeko’” (Has, 1, 26), mutatis mutandis, noski:
Dinamika horretan abiatzen da, hain zuen, otoitzaren dohain edo ekarpenik propioena: Jainkoari buruzko giza esperientzia motzak ireki eta zabaltzea eta dinamika gardengarri horren ondoriozko gozamena.
Gizakiok, aitzitik, erlijio-esperientzia azaldu zein kontrolatzeko, arrazoizko konpartimentu estankoetan mugatzen dugu, formula esklerotikoetan usu. Zirkunstantzia horietan, “misterioa ez dator Jainkoarengandik… Misterioak gizakiok egiten ditugu gure gogoeta espekulatiboen bidez. Guk geure oinarrizko galderak (eta horiei buruzko erantzunak) kontzeptu arrazionalen bidez adierazten ditugu, eta gero, ziur asko konplexuegia delako, ez dugu lortzen labirintotik irtetea” (J. Moingt).
Eskari-otoitzean, adibidez, Jainkoari, borondate onez, otoitz egiten diogu geure behar edo nahi zein desioak eman diezazkigun konbentzitzeko asmoz: ‘Senda nazazu edo senda ezazu ama minbizi horretatik’, kasu, edo ‘Aurki dezatela bizirik palestinar haurra Gazako hondakinen azpian’…
Ohartu/ez ohartu, mota horretako eskariek Jainkoaren eta gizakien arteko ezbai edo tirabirak iradokitzen dizkigute, zeinen eraginez Jainkoak giza behar, desio edo eskariei aurre, are eta kontra ere, egiten diela iruditzen zaigun baitzaigu. Eta hori ez da egia, Jesukristok, argi azaldu baitzigun Jainkoa beti gizakien alde dagoela “egunero munduaren azkena arte” (Mt 28, 20).
- Nolan teologoaren liburu batean irakurri dudanez, Jainkoak berari eskariren bat egitea iradokitzen digunetan (eta hori egunero/unero egiten iradokitzen digu): ”Emaiguzu gaur egun honetako ogia” osasuna…, kasu, berak sutsuki eman nahi dugulako da: ”Nire Aitari eskatuko diozuen guztia eman egingo dizue” (Jn 15, 16). Jainkoak ez du gizakiekin ‘katua eta sagua’-n jokatzen (eman/ez eman). Jainkoak gure eskari onak (seme baten osasuna, kasu), bete nahi dizkgu, berak “nik/guk baino maiteago baitnau (baikaitu, geure eskarien jasotzailea)” (Loiolako Ignazio). ·”Ohartu naiz minduen oinazeaz eta libratzea etorri naiz “ (Ir, 3,7-8)
Ebanjelioetan dugu gizakien aldeko Jainkoaren aurretiko jarrera iraunkorraren froga: “Eskatu eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue. Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, semeak ogia eskaturik, harria emango ote dio? Edo arraina eskaturik, sugea emango ote dio? Beraz, zuek gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez dizkie zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei?” (Mt 7, 7-11; Lk 11, 9-13).
Guk, haatik, filosofoez fidatzea hobesten dugu: ‘Jainkoa da gauza guztien (onak: ogia edo arraina zein txarrak: harria edo sugea) kausa’, Nazareteko Jesusez fidatzea baino: “Zuen Aita errukitsua da” (Lk 6, 36).
Halaz ere, baliteke Jainkoaren eta gizakien desio onak bete ez izatea. Jesusi gertatu zitzaion: “Abba, Aita, zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau” (Mk, 14, 36). Dena dela, ebanjelioaren ildoan, ez dezagun pentsa Jaunak nahi ez duelako denik. Jainkoak nahi ditu gure desio onak bete, baina, giza modura esateko, noiz edo noiz ‘ezin’ du eta horixe zaigu misterio, zeina argitzeko Jainkoak pista batzuk errebelatu baitizkigu.
Bibliako Jainkoaren (Jr 38, 20; Os 11,8…) eta, batik bat, Ebanjelioko Jesusen gizakienganako errukian dugu froga harrigarria (Mt 15, 29-37; 23, 37-39; Lk 7, 11-17, Jn 11.35,…).
Jainkoaren nahi eta ezintasun (= misterio) hori badakigu (sinesmen zein konfiantzaz), arrazoiaz gain, batik bat errukiaz gainezkako misterio dela, zeinaren arabera Jainkoak iradokitzen dizkigun desio onak kunplitu nahi baititu, arrazoiaz haratago kunplitu ere, maite gaituelako “bete-betean” (Jn 13, 1).
Eta ez diezaiogun solitario-an geure buruari tranparik egin: ‘Jainkoak guk baino hobeto daki zer komeni zaigun’ (amaren minbizia, kasu), edo, filosofiaren ildoan, ‘Jainkoak ez du nahi ume txikiaren leuzemia, baina baimendu egiten du’…
Baliteke azalpen (aitzakia?) horiek baliagarriak izatea filosofoen jainkoarentzat, baina ez Jesusenarentzat.Misterio bazaigu ere, jakin badakigu (sinesten dugu) Jainkoa ez dituela gizakien minak nahi, ez-nahi hori, behin baino gehiagotan, misterioa bazaigu ere. Jesusek azaldu zigun Jainkoa gizakien pozez poztu egiten dela (Lk, 10, 21-24) eta minez mindu: “Lazaro heriotza zela eta, Jesusek negarrari eman zion… Bai maite zuela!” (Jn 11, 35-36) eta, Jerusalem ikustean, “negarrez hasi zen” (Lk 19, 41-48) (gaurko Gaza, Ukraina…).
Hobe zaigu, beraz, Jainkoaren errukizko misterioaz fidatzea: ezen ez filosofoen logikaz. Sarri(egi)tan, haatik, zein “buru gutxikoak garen profetek (Jesusek) esana sinesteko!” (Lk 24, 25).
0 Comments