HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 23

Legamiagabeko Ogien Jaiko lehen-eguna zen, Pazko Bildotsa hiltzen zuten eguna, Afaltzen ari zirela, Jesusek ogia hartu zuen eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta eman zien, esanez: «Hartzazue: hau nire Gorputza da». Gero, edalontzi bat hartu eta, esker onezko otoitza esanez, eman zien, eta denek edan zuten bertatik. Eta esan zien: «Hau nire Odola da, itunaren Odola, askoren alde isuriko dena. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardo honetatik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edango dudan eguna arte».

Markos 14, 22-25.

Kristauok dugun misterio handienetariko baten aurrean gaude hemen. Jesus bera ematen zaigu ohiko janariaren bitartez: ogia eta ardoa.

Jesusek benetan bere bizitza eman zuen guregatik, ez zuen atzera egin eta bere misioa amaiera arte bukatu zuen. Guk, gizakiok, ulertu izango genuke egoera hartatik ihes egiteko aukera aprobetxatu izan balu, baina ez zen hala izan.

Jesusen azken afaria bere burua ematea izan zen modu konziente batean: bere eskuekin, Berak bere gorputzaren misterioa banatzen du. Bere gorputza eta odola emanez beti bizirik gure artean egongo den presentzia bilakatzen da.

Jesus guregatik ematen da, guregana dator eta gurekin geratuko da. 

Handitasun honen aurrean, agian galdetu dezaiokegu gure buruari:

Zer egin dut nik Kristorengatik? Zer egiten dut Kristorengatik? Zer egin beharko nuke Kristorengatik?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude