HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 22

Aldi hartan, Joanek esan zion Jesusi: gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa». Baina Jesusek erantzun: «Ez galarazi, ez baita inor, nire izenean mirari bat egin eta gero Nitaz gaizki esaka jardungo duenik. Zeren gure aurka ez dagoena gure alde baitago».

Markos 9, 38-40.

Gaur egungo gizarteak honako hau erakusten digu argi eta garbi: ni eta nire taldekoek egiten dugunean zerbait ona, txalogarria dela iruditzen zaigu, baina besteek besteen izenean edo beste ideia batzuez bultzatuta egiten dutenean, ez dugu hain garbi ikusten… Edo nolabaiteko susmo txarra hartzen diegu bada ezpada ere.

Jesusek bestelako mezua dakarkigu, gaur egungo Elizak bezala: bila dezagun elkarren artean dugun onena, desberdinen arteko amankomuneko balore eta asmoetara hurbil gaitezen eta hauen indarra motor bilakatu.

Gure gizarteak pauso handiak eman ditu eskubide, balio unibertsal eta bidegabekerien aurka. Eliza eta erlijio desberdinek elkarrekin hitz eginez harrera egiteko jarrera erakusten dute, elkarri entzuteko eta amankomuneko adostasunak bilatzeko bideak egin dituzte ere. Baita eguneroko bizitzako gizartean, non pertsonen eskubideak eta ongizatea lehenesten den gero eta gehiago ideologia, arraza edo erlijioen gainetik (honek ez du esan nahi bide luzea egiteke ez dagoenik oraindik).

Honez gain, pasarte honek jakinarazten digu Jesusek ikasleekin (eta gurekin) partekatu egiten duen misioa ez dela gurea, berea baizik. Jainkoarekin sintonian bizitzeko aukera egin ondoren, Espirituaren bultzadak eraginda, Jesusekin eta Jesus bezala umiltasunez bere misioan parte hartzeko sinergian murgilduta sentitzen gara. Ez da gure borondatez eta sakrifizio propioarekin lortu dezakegun zeozer. Jainkoak deitu eta bere kolaboratzaile bilakatzen gaitu bere dinamismo horretan murgilduz. Gu bere misioan parte hartzera gonbidatuak gaude.

Prest al nago ni ere besteekiko ditudan desberdintasunetan baino, elkarrekin ditugun amankomuneko potentziala bilatzeko? Prest al nago besteek ondo egiten dituzten gauzak onartu eta txalotzeko?

Kolaboratzaile deitua sentitzen naiz misio honetan?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude