HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 19
Asteko lehen-egunean, ilunabarrean, etxe batean bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, juduen beldurrez. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Ikasleak pozez bete ziren, Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak Ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet Nik zuek». Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Joan 20, 19-23.
Behin, erlijio-klaseko irakasle bat zegoen Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleekin. Eta galdetu zien: “Zuetako nork daki esaten nor den Hirutasun Santua?” Eta umeetako batek oihu egin zuen: -“Nik, andereño! Hirutasun Santua Aita, Semea eta Usoa dira!”
Gutariko zenbatentzat Espiritu Santua horixe da: uso bat! Horrela, Kristorengana jaitsi zen Jordanen bataio egunean, eta horrela irudikatu izan da askotan arte sakratuan. Baina Espiritu Santua ez da uso bat! Espiritu Santua Hirutasun Santuko hirugarren Pertsona da, eta benetako Jainkoa.
Suaren irudia Espiritu Santua irudikatzeko ere oso aberatsa da Biblia osoan zehar. Argiaren, beroaren, energia kosmikoaren, indarraren sinboloa da. Espiritu Santua hori guztia da: fedearen, maitasunaren, indarraren eta bizitzaren sua.
Baina, mila irudikapenez gain, Espiritu Santua batez ere, JAINKOA da. Pertsona jainkotiarra da, Aita eta Semea bezala. Espiritu Santua Jainko-Maitasuna da, Aita eta Semea beren bizitza jainkotiarreko intimitatean lotzen dituena maitasunaren loturagatik, hau da, Bera. Gure baitan bizi da, Kristok berak esan zigun bezala: “Baten batek maite banau, nire hitza gordeko du eta Aitak maitatuko du, eta bertan gure bizilekua egitera etorriko gara” (Jn 14,23).
Esan dezakegu maite dugun pertsona bat maitasunagatik bizi dela gure baitan. Eta hau posible bada giza maitasunean, askoz arrazoi gehiagorekin da Jainkoarentzat. Espiritu Santua eta Hirutasun Santua gure baitan bizi dira maitasunagatik, fedeagatik, graziazko bizitzagatik, sakramentuengatik eta bertute kristauengatik.
Espiritu Santuari buruz gauza asko esan genitzake eta ez genuke inoiz amaituko. Baina garrantzitsuena ez da asko jakitea, baizik eta Bera benetan uztea gure barruan bizi dadin. Eta hau posible izango da soilik gure bihotzean lekua uzten badiogu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments