Jesusen berpizkundea da kristau pazkoan ospatzen duguna, kristau hasiera, kristau oinarria eta kristau esperientzia fundatzailea baita.
Elizaren tradizioan, berpizkundea, aldi berean, bizipen espirituala eta gertakizun historikoa dela transmititu da gizaldiz gizaldi. Beste kontu bat da gertakizuna nola narratzen den, izendaezina narratzearen ahalegina ez baita lan makala!
Ebanjelioetako testuetan, berpizkundearen narrazioak teologikoak dira, hots, gertakizunaren sinestun esanahia transmititu nahi digute; hortaz, sinesmena suposatzen dute eta ez dira gertakizunaren frogak. Hori horrela, mundu sinboliko jorian kokatuta daude.
Berpizkundearen unibertso sinbolikoan murgilduta, elementu eta ñabardura askoren artean, badago eszena sekuentzia bat –hasierako kristauen artean iltzaturik geratu zena–, zeinek aspaldidanik atentzioa eman didan.
Pazkoaren testuinguruan, azken bazkarietako bat narratzen da (Jn 12, 1-8). Mahaia, Jesus mahaikideen artean eta, halako batean, gonbidatua izan ez zen izenik gabeko emakume baten etenaldi espero gabea eta desatsegina. Jesusen oinetan, lurrinik garestiena isuri zuen. Bere biziaren lurrina Jesusen oinetan. Doako isurketa. Ez zuen ezer ere eskatu. Ez zuen ezer ere esan. Hitzik gabeko keinu adierazgarria. Eta, isiltasunean, doakotasun osoz, lurrina hedatu zen gelako txoko guztietara.
Paralelotasun itzel bat dago emakume horrek egindakoaren eta Jesusek pazkoan eskainitakoaren artean. Bietan biziko lurrinik garestiena eta preziatuena isuri zen, doakotasunez, espazio guztiko txoko oro usain gozoz betetzeraino. Jesus da harzurizko ontzi bitxia, zein, pazkoan apurtzean, nardozko usain gozoa isurtzen den giza txoko guztietan.
Senidetasun-mahaiaren inguruan, gizaki miserableen oinetan, makurtuta, husten da Jesus bera den harzurizko ontziko ukendu usain gozo osoa, inolako botererik erabili gabe, mugarik gabeko zerbitzu-jarreraz jantzirik (Jn 13, 1-15).
Lurrak zerua ukitu zuen.
Eta emakumeak dira, hain zuen, berpizkundearen lehenengo lekukoak –eta hori gertakizun historikoa da eta ez sinbolikoa, zalantzarik gabe–, Jesusen oinak besarkatu zituztenak (Mt 28, 9).
Eszena sekuentzia guztia oinei, emakumeei eta Jesusi lotua da.
0 Comments