HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 13

Aldi hartan, ikasleek esan zioten Jesusi: «Orain bai argi hitz egiten duzula, eta ez irudi bidez. Orain badakigu dena dakizula eta ez duzula inork galdetu beharrik; horregatik sinesten dugu Jainkoagandik etorri zarela». Jesusek erantzun zien: «Orain sinesten duzuela? Hara, badator ordua, hobeki esan, etorria da, nor bere aldetik joanez sakabanatu eta Ni bakarrik utziko nauzuen ordua. Baina Ni ez nago bakarrik, neurekin baitut Aita. Hau esan dizuet, nigan bakea izan dezazuen. Izango duzue larrialdirik munduan; baina izan adore, garaitu dut Nik mundua».

Joan 16, 29-33.

Bitxia da benetan. Maisuak jarraitzaileengan bere mezua ulertzeko argitasun pixka bat ikusten duenean, bere fedea indartsua dela eta Maisuarenganako maitasuna hazi egin dela dirudienean, bakarrik utziko dutela eta bakoitza bere bidetik joanda lagako dutela iragartzen die.

Ez du egiten gu adoregabetzeko asmoz. Gure asmo onak bere maitasun-eskutik eutsita daudela ikus dezagun nahi du. Hementxe dago kristauen gozamen osoaren gakoa: badakigu Jainkoa gurekin dagoela.

Jesusek ez die ezkutatzen munduak Ebanjelioaren mezuaren aurka egingo duela. Ez die jazarpena ezkutatzen. Ez da saiatzen demagogiaz konbentzitzen atzetik joan dakizkion. Ez. Jesusek bere adibidearekin animatzen ditu: “Izan adore, garaitu dut Nik mundua”. Horrela ulertu behar dira Jaunaren Heriotza eta Berpizkundea, giza arrakastak erabat gainditzen dituen garaipena bezala: betiereko bizitzak irabazi zigun garaipena.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude