HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 11
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Aitari zerbait nire izenean eskatzen badiozue, emango dizue. Orain arte ez diozue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko duzue, zuen poza bete-betea izan dadin. Orain arte irudi bidez hitz egin dizuet; baina badator ordua irudi bidez hitz egingo ez dizuedana, baizik eta argi eta garbi emango dizuet Aitaren berri. Egun hartan nire izenean eskatuko duzue, eta ez dizuet esaten Nik Aitari zuen alde eskatuko diodala; zeren Aitak berak maite baitzaituzte, zuek Ni maite izan nauzuelako eta Jainkoagandik etorri naizela sinetsi duzuelako. Aitagandik irten eta mundura etorri nintzen; orain mundua utzi eta Aitagana noa berriro».
Joan 16, 23b-28.
Gaurko ebanjelioak behin eta berriro esaten dugun baieztapen bat gogorarazten digu: Jaungoikoari buruz dakigun guztia Jesusen bidez dakigula, alegia. Are gehiago, Jesus da Jaungoikoari buruz esan dezakegun guztia. Hortik kanpo Jaungoikoaren misterioari dagokio. Joanen ebanjelioan gaur, zalantzarik gabeko gonbitea egiten digu Jesusek: Jaungoikoari eskatu behar diogula, emango baitigu. Eskari honek Jesusen izenean izanik, Jesusen eratakoa izan behar du. Jesusek besteen behar izanen aurrean zer egiten duen ikusirik, ikasiko dugu nola behar izanen alde eskatu. Jesusek bere egoera pertsonalen aurrean nola eskatzen duen ikusirik, gure egoera pertsonalen aurrean nola eskatu behar dugun ikasiko dugu. Horregatik, gaurko ebanjelioaren sakoneko irakatsia Jesus begiratzea, kontenplatzea izango da. Eta horretarako Jesusen Espirituaren etorrera komeni zaigu, nahiz eta horrek Jesusen “desagerpena” bultzatu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments