HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Negar egingo duzue eta aieneka egongo zarete; mundua, berriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarete; baina zuen tristura poz bilakatuko da. Emakumea, erditzerakoan, triste egon ohi da, ordua etorri zaiolako; haurra izan ondoren, ordea, ahaztu egiten da larrialdiaz, munduari gizaki bat jaio zaiolako pozik. Zuek ere triste zaudete orain; baina agertuko natzaizue berriro, eta poztuko zarete, eta zuen poza ez dizue inork kenduko. Egun hartan ez didazue ezer galdetuko».

Joan 16, 20-23a.

Zenbat bider egun hauetan pozaren eta tristuraren inguruan dabilen Jesusen berri ona! Bere jarraitzaileei, nahiz eta Jesusengandik hurbil ibili, ez zitzaizkien malkorik falta izan. Gaur ere horrela da. Jesusen jarraitzaile zintzoa izanik ere, horrek ez digu tristurarik saihesten. Are gehiago, Jesusen proiektutik, Jaungoikoaren erregetzaren begietatik, errealitatea begiratzeak askotan tristuraz betetzen gaitu, horrenbeste gizon-emakume duintasun gabekoak balira, horrenbeste hondamendi inguratzen gaituen izadian… Tristura honek etsipenerako bidean jartzeko zorian ipintzen gaitu. Espirituaren indarrak aldiz, errealitatean aukerak eta ospakizunerako arrazoiak bilatzera eta aurkitzera bultzatzen gaitu, etsipenetik irteteko ahalmena oparitzen edo etsipenean Laguntzailea dugula igarriz. Jesusen bizitza eta heriotzak azaltzen diguna da pazko garai honetan errealitate berria ez dela sufrimendurik gabe helduko. Eta berpizkundea den errealitate berriaren aurrean konfiantza izatera deituak gara.

Marisabel Albizu 

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude