HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 9
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro». Ikasleetako batzuek hau zioten elkarren artean: «Zer ote da esaten digun hau: “Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro”, eta “Aitagana noa”? Zer esan nahi ote du horrako “gutxi barru” horrekin? Ez diogu antzik ere ematen zertaz ari den». Konturatu zen Jesus galdegin nahi ziotela, eta esan zien: «Eztabaidan ari zarete zeuen artean esan dizuedan honetaz: “Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro”. Egi-egiaz diotsuet: Negar egingo duzue eta aieneka egongo zarete; mundua, berriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarete; baina zuen tristura poz bilakatuko da».
Joan 16, 16-20.
Jesusen berri onak ez dizkigu gauzak automatikoki argi lagatzen. Ez digu formula majikorik uzten. Jesus bera askotan desagertuta balego bezala somatzen dugu errealitate pertsonala, eta errealitatea orokorrean begiratzen dugunean. Jesus ikustearekin zenbat poztuko ginatekeen ere askotan pentsatu dugu, ikusiko bagenu gauzak ezberdinak izango liratekeela pentsatu arte. Baina zuzenean ez dugu ikusten. Ikusi eta ez ikusi arteko tartea tristura eta pozaren arteko tartea da, horregatik Loiolako Ignaziok erakusten digun eran, Jesus berpiztua bere ondorioetatik ezagutu, ikusi nolabait, egin dezakegu. Hau da, itxaropena, egun ilunetan sortzen denean; poza mantentzen dugunean, denak tristurara eramaten gaituenean; justiziaren aldeko hautua egiten dugunean, axolagabetasunerako horrenbeste gonbidapenen erdian… Egoera horietan Jesus tartean dabilela igarri dezakegu, nahiz eta ikusi ez dugu ikusten. Ikusteko gaitasuna Laguntzaileari eskatu beharreko beste dohainetako bat dugu, batasuna, apaltasuna, era berriak dakarren pozaz gain.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments