HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 8
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gauza asko dut oraindik zuei esateko, baina oraingoz ez zarete gai ulertzeko. Halere egiaren Espiritua etortzean, hark gidatuko zaituzte egia osoraino. Ez da bere kabuz mintzatuko, baizik eta entzungo duena esango dizue eta etorkizuna iragarriko. Hark nire aintza azalduko du, adieraziko dizuena niretik hartuko baitu. Aitak duen guztia nirea da; horregatik esan dizuet Espirituak niretik hartuko duela adieraziko dizuena».
Joan 16, 12-15.
Jaungoikoaren izanaren inguruan dakigun guztia Jesusengan ikusi eta ikasi dugu. Beragandik ulertu beharrekoak jasotzen ditugu eta horren bestetan ulergaitzak egiten zaizkigunak ere. Egi osoa pertsona batengan edo erakunde, zein talde bakar batengan jartzea oso arriskutsua dela badakigu. Ikasi dugu historian zehar. Jesusek berak gogoratzen digu berak azaldutako guztia zabalik, bukatu ezinik geratu dela. Egia borobiltzeko, bere osotasunean ezagutzeko Espiritu Santuaren beharrean gaude. Espirituak edonondik dabilela era esaten digu Jesusek ebanjelioko beste atal batean (Jn 3,8). Horregatik egia osotasunean ezagutzeko denbora, toki eta pertsona ezberdinen arteko eragiketa dela adierazten digu Jesusek gaur. Hau horrela bada egia bilatzeko eta osatzeko trebezia behar da. Loiolako Inazioren dizernimenduaren irakatsiak oso lagungarriak izango zaizkigu Jesusen Espirituaren bitartez egia ezagutzen joan ahal izateko. Zer behar duzu egia ezagutzeko? Jesusen Espirituari eskatu egiozu apaltasunez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments