HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Orain, bidali ninduen Aitagana noa, eta zuetako inork ez dit nora noan galdetzen. Baizik eta hori esan dizuedalako, tristurak bete du zuen bihotza. Hala ere, egia diotsuet: hobe da zuentzat Ni joatea; izan ere, joaten ez banaiz, ez zaizue etorriko Laguntzailea. Joaten banaiz, ordea, bidali egingo dizuet. Hura etortzean, agerian jarriko du munduaren errua bekatuari, zuzentasunari eta epaiari buruz: bekatuari buruz, nigan sinesten ez duelako; zuzentasunari buruz, Aitagana noalako, eta ez nauzue gehiago ikusiko; epaiari buruz, mundu honetako buruzagia jadanik gaitzetsia dagoelako».

Joan 16, 5-11.

Joanen ebanjelioa irakurtzen eta barneratzen jarraitzen dugu. Gaurkoan betiko era edo era berria jartzen dizkigu aurrez-aurre Jesusek.

Betiko era Jesusen alboan egotea zitzaien jarraitzaileei modurik eta erosoena. Jesusen desagerpenak ez ustean harrapatzen ditu eta batez ere ezinean jartzen ditu. Ezin dute ulertu nolatan Jesusen erara bizi ahal diren Jesus bera egon gabe. Ez dute ulertu eta ez dira fio. Betiko era baztertu eta era berria Jesusekin hasi dela onartu beharrean tristurari tokia egingo diote eta beldurra sartuko da tristurarekin batera euren bihotzetara. Eta ezingo dute antzeman Jauna berandu arte. Jesusen era berria Espirituak emango die ezagutzera. Horren etorrerak gauza guztiak berriak egingo ditu. Begirada garbiaz, konfiantza eta itxaropenez beteak izango dira. Eta horrelakoak Jesus Berpiztuarekin topo egiteko ahalmenaz, pozez eta konfiantzaz beteko ditu eta orduan bai Berri Onaren aldarrikatzaile sutsuak izango dira munduan zehar. Eurek ere gauzak era berrian egiteko gaitasuna luzatuko digute. Gaurkoan zerk sortzen dizu tristura? Jaungoikoa gure errealitatean bizi ditugun injustiziek estalita dutelako akaso? Bizitzaren antolaketa betiko era alde batera utzi eta era berriak sortu direlako?

Pazko aldian gaude. Batasuna eta apaltasunaz gain gaur era berriak dakarren poza Espirituaren etorrerarako eskatu beharreko dohaina izango da.

Marisabel Albizu 

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude