HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 6
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nik Laguntzailea, jatorria Aitagan duen egiaren Espiritua, bidaliko dizuet Aitagandik. Hark, etortzean, aitormen egingo du nire alde. Eta zuek ere egingo duzue aitormen, hasieratik nirekin baitzaudete. Zuen sinesmenak huts egin ez dezan esan dizuet hau. Zeren eta judu-elkartetik bota egingo baitzaituztete; are gehiago, badator ordua, zuek hilko zaituztenak Jainkoari kultu ematen diola uste izango duena. Eta horrela jokatuko dute, ez Aita, ez Ni, ezagutu ez gaituztelako. Aurrez esaten dizuet, hori gertatzean esana nizuela gogora dezazuen».
Joan 15, 6-16, 4a.
Elizako liturgiak aste honetan zehar, Joanen ebanjelioaren 16. Kapitulua irakutzera gonbidatzen gaitu. Kapitulu honetan Joan ebanjelariaren ezaugarrietako bat azaltzen joango da. Joanek Jesusen berri ona kontrako “bikoteen” bidez adierazten digu.
Gaurko honetan Jesus ezagutu eta ezagutzen ez dutenen arteko talka adierazten digu. Nahiz eta bere izenean aritu, batzuetan ez gabiltza bere erara jokatzen. Nola jakin Jesusen erarekin bat gatozela? Uste dut txatal hauetan adierazgarriak ditugula: apaltasuna eta batasuna.
Jesusen erara gabiltzala ezagutzeko apaltasuna izan behar dugu. Jesusek era ezberdinetan adierazten du apaltasunaren garrantzia. Gaurko honetan apaltasuna Laguntzailearen beharra adieraziz azaltzen da. Ez dakigu dena. Ezin dugu dena. Ez gara gure baitan. Jesusen Espirituak ematen digu Jesusen aitormena egiteko ahalmena.
Ezberdinen arteko batasuna mantentzea ez da batere erreza izan Jesusen jarraitzaileen artean hasiera hasieratik, ebanjelioak agerian lagatzen duen moduan. Batasuna berdintasun mimetikoarekin nahastu izan dugu. Nahasmen horrek marrak irudikatzera eraman gaitu eta marraz kanpo dagoena, batasunaren aurka zebilela erabaki dugu. Eta batasunaren aurka egoteak ebanjelioarekin zerikusirik ez zuela adierazi diogu. Jesusen erara batasuna ulertuta, Aita Jaungoikoaren proiektuaren inguruan batzea da. Batasuna Jaungoikoaren Erregetzaren adierazleak argitaratzen edo eraikitzen sortu daiteke. Horrela ulertuta aniztasuna eta askotariko erak Ebanjelioaren barne geratzen dira eta marrak ate zabal eta irekiak bihurtzen dira denon, denon, denontzako tokia dagoen mahai haundi batera garamatzaten ateak, alegia.
Pazko aldian gaude. Batasuna eta apaltasuna izan daitezela Espirituaren etorrerarako eskatu beharreko dohainak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Apaltasuna nire mugen kontzientziaren fruitia da: dena ez dakit, dena ezin dut.