HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Aitak Ni maite izan nauen bezala, halaxe maite izan zaituztet Nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, Nik ere, Aitaren aginduak bete ditudalako, haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau esan dizuet nire poza zeuengan izan dezazuen, eta zuen poza bete-betea izan dadin. Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar, Nik maite izan zaituztedan bezala. Ez du inork maitasun handiagorik, bere bizia adiskideen alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide izango zarete, Nik agindua betetzen baduzue. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiak zer egiten duen; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazi didan guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Nik aukeratu zintuztedan zuek, eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela; horrela, Aitari nire izenean eskatuko diozuen guztia emango dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar».

Joan 15, 9-17.

Inflexio-puntu bat izan zen Jesus. Ordura arteko moral guztia “letra” bidezkoa zen, normatibismoa zen nagusi eta, aginduak zintzoki betez gero, on-bidean ziren. Jesusek askoz ere gehiago eskatzen digu, baina Berak Berorrek horrela jardun zuelako. “Aitak Bera maitatu zuen bezala” maitatzera deitzen digu. Baina maitasun baztergabe hori noranzko bikoitzekoa izan zen; Jesusek ere Jainkoa Berak maite duen bezainbat maitatu zuen. Eta non edo zer nola ikus genezake guk hau guztiau? Bada, Jesusen izan moldean, lagun hurkoarekiko erakutsi zuen bihotz zabalean, bere errukizko jarrera ezin handiagoan, eta finean, Jesusengan beragan, Bera izan zen horrengan, ikus dezakegu ezin argiago zer dakarren Jesus eta Aitaren arteko maitasun mugagabeak.

Maitasuna, bizitza eta pozarekin batera, giza baliabide mugagabea da, eta gu geu ere mugagabe egiten gaitu nolabait. Hori erakutsi digu Jesusek. Beste edozein baliabide ez bezala, baliabide hauek agortezinak dira, eta, hortaz, beraietan zerbait jainkotiar izan daitekeela antzeman dezakegu. Maitasunaren baliokidetzat jo litekeen karitatearen harira bada ere, Santa Teresak honako hau idazten zuen: “karitatea, komunikatua izanez gero, areagotzen da” (Bizitza 7,22). Maitasunerako ere balio du esandako horrek, baita bizitza eta pozerako ere. Izan ere, maitasunari, bizitzari eta pozari dagokienean, zenbat eta gehiago eman, orduan eta horietatik gehiago izango dugu. Horren berri ematen digu hemen Jesusek; maitasunean tinko iraunez gero, egunerokoan jada mugagabea nolabait dastatzen arituko gara, erreinuaren zantzu batzuez arituko gara jada gozatzen.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude