HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 4
Aldi artan, Jesusek esan zien ikasleei: «Munduak gorroto badizue, jakizue zuei baino lehen niri izan didala gorroto. Mundukoak bazinete, munduak maite izango zintuzkete, nork berea maite duen legez; baina Nik aukeratu eta mundutik atera zintuztedanez, munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako.Gogoratu esan nizuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete; nire hitza hartu badute, hartuko dute zuena ere. Nire izenagatik egingo dizuete hori guztia, bidali nauena ezagutzen ez dutelako».
Joan 15, 18-21.
Munduan egotea mundukoa izan gabe delako aitorpen hori oso joandarra da. Zer esan nahi digu horrek? Gnostizismotik miretsitako “besteen gainetik egote” bat ikus liteke lehenengo irakurketa-kolpean, baina ez doa hortik kontua, inondik ere ez. Areago ere, Jesusengan aitortzen dugun Jainko-semetasuna zerbaitekin baldin badago zinez ezin hobeto adierazita eta islatua, zeratan baino ez da; bere giza-maila bere betera eraman izanean. Jesus guretako bat egin zen, areago, gure arteko baztertuenetako bat, baina, horrez gain, ezin bihotz zabalagoz bizitzen ere erakutsi zigun, bere gizatiartasuna bere gorenera eramateko gauza izan zen, hori erakutsi zigun.
Paradoxikoa badirudi ere, hori da hain justu ere “mundukoa ez izatea”. Gizarteak eskainitako errazkerietan ez erortzeko gauza izatea, berorren eskaintza erakargarri baina bidegabe samarrei gero eta gehiago uko egiteko gauza izatea, gure bizimoldeak Jesus erdigunean izatea, Jainkoaren lekua bestelako idolatria-kutsuko ideologiek edo gurari mundutarrek ordezkatua ez izatea..
Hori guztia baina ez da batere erraza, ez Jesusen garaian, ezta gure mundu guztiz sekularizatu eta materialistan ere. Ez da erraza, baina ez gaitezen engaina; ez bakarrik kanpotik, gizartetik, zenbaitetan ulertuak eta onartuak izango ez garelako, baita guk geuk asko-askotan geure bihotza gizateak eskainitako beste eskaintza erakargarriek beteta dugulako ere
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments