HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 3

Aldi hartan, Jesusek esan zion Tomasi: «Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue». Orduan, Felipek esan zion: «Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta nahikoa dugu». Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: “Erakuts iezaguzu Aita?”. Ez al duzu sinesten Ni Aitagan nagoela eta Aita nigan? Nik esaten dizuedana ez dizuet neure kabuz esaten. Nigan bizi den Aita da bere egintzak burutzen ari dena. Sinets iezadazue: Ni Aitagan nago eta Aita nigan. Besterik ez bada ere, sinetsi egintzengatik. Egi-egiaz diotsuet: Nigan sinesten duenak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta are handiagoak, Ni Aitagana bainoa. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semeagan ager dadin. Nire izenean zerbait eskatzen baduzue, emango dizuet Nik».

Joan 14, 6-14.

Jesus pertsonarengan bide eta helmuga izatea da gure sinesmenaren ezaugarrik nabarmenetariko bat. Bera dugu Jainkoarenganako bitartekaria, baina, bateratsu, Bera-Berarengan badago jada Jainkoa.

Paradoxikoa dugu gero kontu! Izan ere, bateko, erraza dugu eman beharreko pausua, hau da, Berak luzatutako harreman-eskaintzari harrera eginez, Jesusi  jarraitzen zinez ahaleginduz, Berarenganantz hurreratuz joango gara, eta, pasarte honek jakitera ematen digunez, hortik segitzen den indarra izugarria izango da; Jainkoarengandik gertu egongo gara Jesusengandik gertu egonda, Jesusen bihotzaren indar eta eskuzabaltasunaren partaide izango gara, eta, hortaz, gure giza-mailako mugek izango dute bere konpentsagarri…

Besteko, baina, Jesus den Bide horri ekitea ez da ematen duen bezain erreza. Zaila egin zitzaien Jesusen ikasleei, are fisikokoki Berarengandik gertu-gertu egonda ere, bertatik bertara Berarekin egonda ere, Jesusen konpainia eta adiskidetasun intimoaren  partaideak izada ere, ez zuten behar bezala ulertu zer zen zinetan Jesus eta zer zekarkien Berarekin bat egiteak.

Arrisku berberapean gaude kristauok gaur egun ere. Areagokoa dela kontua esango nuke nik, espiritualtasunerako leku txikienik ere uzten ez duten egungo garai materialistari erreparatzen badiogu. Horregatik hain justu, arreta eta ahalegin handiak eskatzen dizkigu gaur egun gure sinesmenak. Erne ibili behar dugu. Erne eta adi Jesusi bere sakon-sakonenean egiteko harrera geure bihotz hondoan, Jesus geure bizitzen erdigunean jarri ahal izan dezagun.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude