Haltza maiatzean

2024 Mai 2
Euskal Herrian zuhaitz mota asko daukagu. Batzuk berezerneak dira eta beste batzuk, mintegietan hazia erein eta ernarorik harako hazkai egokian landatutakoak. Gaur, haltza aipatuko dugu eta maiatzarekin lotu bere ebakialdia. Haltza, berez, zur edo egur biguneko zuhaitza da, berezernea, eta ugaria leku hezeetan. Baina, maiatzeko ilargiberriko bitik hirura bitartean ebagi eta sikatu ezkero, gogortu egiten da bere zura eta altzari edo beste menester batzuetarako egokia da. Haltza, Euskal Mitologian ere agertzen zaigu. Samartintxikik jentilei garia lapurtu zien oinetako lasaiekin galgarau pilora saltu eginaz. Gero, galgarauak ehotzeko errota ere eraiki zuen baina errotarriaren zurezko ardatza giraka hasi eta berehala, erre edo apurtu egiten zen, jentilena ez ordea. Orduan, Martintxikik jentilengana berriz joan eta esan zien: “gure errotak jo eta ke daragoio”. Eta jentilen erantzuna: “ez dugu uste, haltz-zurezko ardatza jarri ez badiozue errotarriari”. Haltza, abesti zaharretan ere agertzen zaigu eta beharbada, entzutetsuena Bereterretxeren khantoria genuke: “Haltzak eztü bihotzik, ez gaztanberak hezürrik”. Beste bertsio batean “bihotzik” barik “ezkurrik” agertzen da eta errimarako hobeto dator eta gainera altzak bere enborrean badauka bihotza. Izaera-esaeretan ere agertzen da haltza: “haltzaren ondoan haltza erne”. Beraz, ezagutu eta jagon ditzagun gure betiko zuhaitzak! 
Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude