HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 21
Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Ni naiz artzain ona. Artzain onak bere bizia ematen du ardien alde. Ez, ordea, morroiak, artzain ez denak eta ardiak bereak ez dituenak; honek, otsoa datorrela ikustean, ardiak utzi eta ihes egiten du; eta otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari lansaria zaio axola, eta ez ardiak. Ni naiz artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak, eta neureek ezagutzen naute Ni, Aitak Ni ezagutzen nauen eta Nik Aita ezagutzen dudan bezalaxe. Nik neure bizia ematen dut ardien alde. Baditut artegi honetakoak ez diren beste ardi batzuk; hauek ere erakarri egin behar ditut; adituko dute nire ahotsa eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean. Horregatik maite nau Aitak: neure bizia ematen dudalako, berriro eskuratzeko. Ez dit bizia inork kentzen, Neuk ematen dut neure kabuz. Neure esku dut ematea eta neure esku berriro eskuratzea. Hori da neure Aitagandik hartu dudan agindua».
Joan 10, 11-18.

Artzaina eta ardiak, artalde bateko kideak: agian ez da metaforarik egokiena gaur egunerako horren bidez Nazareteko Jesuren jarraitzaileen eta euren apezpikuaren edota apaizaren arteko harremana adierazteko; zilegi bekit esatea, nago nahikoa artzainkeria eta ardikeria bizi izan dugula, eta oraindik egun bizi dugula, metafora horren sakoneko zentzua bihurritzearen ondorioz: klerikalismo larregi, hierarkiakeria, emakumearen bazterkeria eta fede-herriaren asanblada (=ekklēsía, eliza) adinez txiki-tuta… Nazarateko Jesurengan ardikeria gutxi, aitzitik, sakoneko identitate eta nortsuna, Abbaren borondatea ardatz, Erreinua eraiki-bidean, baita sasoi hartako artaldearen nora-bidea errefusatuz ere behar bazen, baita garaiko apez eta piko/buru-ren mehatxupean eta aurka ibili ere.
Artzain Ona ez da bizi goitik bere artaldetik, behetik bere artaldearen zerbitzuko baizik, menpeko arditik anaia-arreba duin (Jn 13, 34-35) eta aske izan daitezen/gaitezen (“artalde bakarra, artzain bakarraren gidaritzapean” ); eta hauxe, baita jakinik seguruenik “mundu”ko otsoek doilorki elkar hartuko zutela bere kontra, nola hilko (Mk 3,6). “Ez dit bizia inork kentzen, Neuk ematen dut neure kabuz.” Kontuz mixtifikazio nahasgarrien aurrean, areago agian mistifikazioenarenean: libreki erabakitzen du Jesuk (guztiz Jainko, hein berean gizaki) Abbarekiko fidel jokatzea bizitza handi-mandien eta euren boterekeriaren aurrean arriskuan jarri arren, horregatik inork ez dio bizia kentzean, bizia Berak ematen du anaia-arreben eta adiskideen alde, eta halaxe emanez, (bere eginkizunari ihes egin gabe, saminez (Jn 18, 11b) …, baina fideltasunagatik pozez) betiko Bizia irabazi eta guri ere Bizia (eta eredua) eskainiz; horra zer ez den morroia izatea! Abba-ren aginduari men egiteak “mundu”tik Aske egiten du Jesu, munduarekiko amoreagatik!
Erne halere! Inork ez zion bizia kendu, baina batzuek bizitza kendu zioten, eta jarraitzen dute/dugu kentzen, mixtifikazio eta mistifikazio okerrik gabe, aho bilorik gabe esan dezagun: “Ez da Jainkoaren borondatea batzuek dena edukitzea eta besteek ezer ez edukitzea […] Jainkoarena da bere seme-alaba guztiak zoriontsu izatea ” (Romero monsinorea). Non nago ni? Ihes egingo al dut?
Badago itxaropena: benetako Artzain Onak, ez gaitu inoiz umezurtz utziko, gu ere bizi gaitezen (Jn 14, 18-19) “egiaren Espiritua” lagun (Jn 14, 16-17).
“–Emakume, zergatik ari zara negarrez? Noren bila zabiltza? …
–Rabbuni!” (Jn 20, 15a.16)
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments