HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 20
Aldi hartan, Jesusen ikasleetako askok esan zuen: «Gogorra da hizkera hau. Nork adi dezake?». Jesusek, bere baitan oharturik ikasleak marmarka ari zirela, esan zien: «Onartezina iruditzen al zaizue hori? Eta Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, orduan zer? Espiritua da bizia ematen duena; gizakiak ezin du berez ezer eman. Nik esan dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk». Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere nigana etorri, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen». Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera egin zuen, eta aurrerantzean ez zen harekin ibili. Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Erantzun zion Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu Zu zarela Jainkoaren Santua».
Joan 6, 60-69.

Espirituak du bizia ematen, gizakiak bere kabuz ahalmenik ez…. Jesuren hitzak espiritua eta bizitza dira. Ikuspegi trinitariotik, Espiritu Santua bizitzaren eta errebelazioaren eragilea da, Aita/Ama eta Semearekin harmonian lan egiten duena betiereko bizitzaren betetasuna gizadiari ekartzeko. Espirituaren misterioa, bizi- eta egia-iturria. Aita/Ama, pertsonak Jesusengana etortzeko ahalmen-emalea, Espiritu Santuaren bitartez, Jainkoaren maitasuna eta grazia azaleratuz, Semearekiko komuniora eramanez.
Flatus vocis al dira? Teologia ‘merke’ ?
Horrek, berriz ere, munduan, Jesukristorengan bertan gorpuzten den maitasun eta justizia obran konprometitzera ez al digu deitzen? Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren arteko batasuna eta harremana aitortuz, Jesuren eredua jarraitzeko eta Jainkoaren Erreinua lurrean ezartzearen alde lan egiteko konpromisoa hartzera? Eraldaketarako eta adiskidetzeko eragile izan gaitezela, Jainkoaren betiereko bizitza eta grazia gizadiaren bazter guztietara eramatera?
Ala atzera egingo dut, eta aurrerantzean harekin ez ibili? Izan ere, nork gura gurutze-bidean harekin ibili? Gogorra egiten al zaizkit hizkera eta adiera hauek?
Eta gurutzea bihurtu zen Argi! “Nork adi dezake?”… “Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk”. (Gurutze)Bide bariko ‘Aintza express’ eztiagoa agian? Behar al dut nik ezertarako nire muturra urozpintzea? Nik ere alde egin nahi al dut?
Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu Zu zarela Jainkoaren Santua». Zer du Pedrok buruan? Eta nik?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments