HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 7

Asteko lehen-egunean, ilunabarrean, etxe batean bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, juduen beldurrez. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Ikasleak pozez bete ziren, Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik zuek bidaltzen zaituztet». Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Gainerako ikasleek esan zioten: «Jauna ikusi dugu». Tomasek erantzun zien: «Haren eskuetan iltze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren iltze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dut sinetsiko». Handik zortzi egunera, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere haiekin zen. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei». Gero esan zion Tomasi: «Ekarri atzamarra, begira nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik». Tomasek erantzun zion: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!». Jesusek esan zion: «Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak». Beste ezaugarri asko ere egin zuen Jesusek ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak; hauek idatzi dira sinets dezazuen Mesias eta Jainkoaren Semea dela Jesus eta, sinetsiz, haren izenean bizia izan dezazuen.

Joan 20, 19-31.

Atzo norbait Jesusen Berri Ona ematera hurbiltzen zaigunean har dezakegun jarreraren arriskuaz hitz egin genuen, eta gaur beste aldea ikustea dagokigu. Apostoluak Tomasengana joan dira Jaunaren berri ematera, baina Tomasek ez du sinetsi. Gure indar eta esfortzu guztiekin eman dezakegu Jesusen berri, hala egin behar dugu, baina berria jasotzen duenak ez baldin badu Jesusen esperientzia zuzena bizi, alferrikakoa izango da. Esperientzia hori ez dago gure esku, Jainkoaren grazia da, eta Hark erabakiko du noiz emango duen. Hori bai, bien bitartean, guri lana aurreratzea dagokigu, esperientzia hori emateko esparruak prestatuz eta jendea Jainkoari begira egotera animatuz.

Jokin Gonzalez de Chavarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude