HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 6

Asteko lehen-egunean, goizean goiz, pizturik, Jesus Maria Magdalenari, zazpi deabru atera zizkionari, agertu zitzaion aurrena. Hura Jesusekin bizi izan zirenei berri ematera joan zen, triste eta negarrez baitzeuden. Baina haiek, bizi zela eta berak ikusi zuela entzutean, ez zioten sinetsi. Ondoren, ikasleetako biri agertu zitzaien, beste itxura batean, auzo batera bidean zihoazela. Hauek ere besteei berri ematera joan ziren; baina hauei ere ez zieten sinetsi. Azkenik, Hamaikei agertu zitzaien, mahaian zeudela, eta aurpegira bota zien beren sinesgabetasuna eta burugogorkeria, bera pizturik ikusi zutenei sinetsi ez zietelako. Eta esan zien: «Zoazte mundu guztira eta hots egin Berri Ona izaki guztiei».

Markos 16, 9-15.

Ikasleek ez dute besteen lekukotzan sinetsi. Ez da gauza erraza besteak Jainkoaren lekukotza ematen ari direla sinestea. Lekuko gisa dabilenak beste asmo batzuk dituela pentsa dezakegu: «harrokeriagatik laguntzen die besteei, hala izen hobea izateko», edo «ziurrenik zerbait ezkutatu nahi du», edota «orain pertsona ona dirudi, baina nik ezagutzen ditut haren akatsak, ez da batere eredugarria». Hala ere, zaila egiten zaigun arren, Jainkoak pertsonen bidez jarduten duela izan behar dugu beti gogoan, eta ez dugula inoiz pertsona perfekturik aurkituko, denok baikara bekatari eta akastun, hortaz ohartzeko ez dugu arrazoiketa makurren beharrik. Bekatari handienak ere Jesusen Berri Ona ekar diezaguke, eta Berri On horren edukia ez da dakarren pertsonaren arabera aldatzen, ez du sinesgarriagoa edo benetakoagoa bihurtzen.

Jokin Gonzalez de Chavarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude