HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 5
Aldi hartan, berriro agertu zitzaien Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean. Honela gertatu zen agerpena. Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Bikia zeritzan Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Simon Pedrok esan zien: «Arrantzura noa». Gainerakoek erantzun zioten: «Zurekin goaz geu ere». Atera eta ontzira igo ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu. Eguna argitu zuenean, ur-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien: «Mutilak, ba al duzue jatekorik?». Haiek erantzun: «Ez». Jesusek orduan: «Bota sarea txaluparen eskuinaldera eta aurkituko duzue». Bota zuten, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zela aditu zueneko, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta jauzi egin zuen urera. Beste ikasleak txalupan etorri ziren, sarea arrainekin arrastaka zekartela, lehorretik hurbil baitzeuden, ehunen bat metrora. Lehorrera jaitsi zirenean, su-txingarrak ikusi zituzten eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetako batzuk». Igo zen Simon Pedro ontzira eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea urratu. Jesusek esan zien: «Zatozte gosaltzera». Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, bai baitzekiten Jauna zela. Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman zien, baita arraina ere. Hirugarren aldia izan zen hau, Jesus, hilen artetik piztu ondoren, ikasleei agertu zitzaiena.
Joan 21, 1-14.
Pedrorengan Jesus Berpiztuaren esperientzia izateak duen eragina modu argian ikus dezakegu. Jesusen Nekaldiaren aurretik, Pedrok urak zeharkatuz Jesusengana joateko zalantzak zituen. Horregatik, Jesusek esanda uren gainetik oinez hastean hondoratzen hasi zen, eta laguntza eskatu behar izan zion. Orain, berriz, Jesus ikusi orduko berehala egin du uretara jausi, Harengana igerian joateko. Ez du zalantzetan hasteko astirik izan. Bai, egia da, lehenengo egoeran ekaitzak gogor jotzen zuen, eta oraingo honetan itsasoa lasai dagoela dirudi, baina, ez al da hori ere, azkenean, pertzepzio kontua? Ez al du Jesusengan uste osoa izateak dena errazagoa bihurtzen? Jesus da ekaitza baretzeko hitz bakar bat esatea aski duena. Jesus Berpiztuaren esperientziak hori dakar: lehen ezinezkoa zirudienak, orain egin daitekeela dirudi, eta lehen mamu iruditu zekigukeen Jesus, orain gure itxaropen oro betetzen dituen Jainko bezala agertzen zaigu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments