HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 4

Aldi hartan, Emausko ikasleek bidean gertatua kontatu zuten eta nola ezagutu zuten Jauna ogia zatitzean. Horretan ari zirela, Jesus bera agertu zen ikasleen erdian eta esan zien: «Bakea zuei». Haiek, beldur-ikaraz beterik, mamua ikusten ari zirela uste zuten. Baina Jesusek esan zien: «Zergatik izutu zarete? Zergatik sortzen zaizkizue zalantza horiek barruan? Ikusi nire esku-oinak: Ni naiz. Uki nazazue eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta Nik bai, ikusten duzuenez». Eta hau esatean, esku-oinak erakutsi zizkien. Haiek, ordea, pozaren pozez oraindik ere ezin sinetsirik eta harriturik baitzeuden, Jesusek esan zien: «Ba al duzue hemen jatekorik?». Arrain erre puska bat eskaini zioten Jesusek hartu eta beraien aurrean jan zuen. Gero, esan zien: «Hauxe da, artean zuekin nengoela, esan nizuena: Moisesen legean, profetetan eta salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela» Orduan, adimena argitu zien, Liburu Santuak uler zitzaten. Eta esan zien: «Idatzia zegoen, Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hilen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihotz-berritzea hots egin behar zaiela haren izenean herri guztiei, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete gauza hauen testigu».

Lukas 24, 35-48.

Ebanjelioko pasarte honek kristau-bizitzan eman daitekeen arazo batez hitz egiteko aukera ematen digu: Jainkoarekin aurkitzeko beldurra. Bizitzako une batzuetan Jainkoak eska diezagukeenak ikaratu egiten gaitu, mehatxu edo mamu beldurgarri bat iruditzen zaigu. «Zer eskatuko ote dit? Ni orain ondo nago, eta nire planak eginak ditut, ezin al nau bakean utzi?». Pentsamendu oso gizatiarra da, ulergarria, baina kristauak ezin du hor geratu. Jesusek bizia eman du guregatik, Bere esku-oinak erakusten dizkigu, guregatik egin duen guztiaren froga gisa. Bidezkoa izango al litzateke Hari uko egitea? Egin duen eta egiten duen guztia gure onerako da, eta Haren deia jarraitzeak, sufrimenduak ekarri arren, pozezko bizitzara eramango gaitu. Hor ditugu apostoluak adibide modura.

Jokin Gonzalez de Chavarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude