Apiril hitzaren jatorriak, bertsio bi dauzka. Bata, grekozko mitologiako Afrodita eta bere pareko latineko Venus, maitasun, edertasun eta ernalkortasunaren jainkosarekin, horrexegaitik lotzen da jainkosa hori udaberriko hilabete honekin. Bestea, Ovidio, idazle latino ospetsuak, aprilis, latineko, aperire = abrir, aditzarekin lotzen du, hilabete honetan, zuhaitz eta landareak orrira zein lorera datozelako. Erbestera bagoaz, hilabete hau era honetara erabiltzen dela ikusiko dugu, frantsesez: avril; italieraz, aprile; ingelesez eta alemanez: april; gazteleraz: abril eta euskeraz: apiril edo april. Baina, euskeraz, jorrail, izenez ere ezagutzen dugu hilabate hau, lurra lantzeko “ jorratu” aditzarekin loturik. Beste hilabete batzuen antzera, euskaldunok geure kulturara egokitu ditugu hilabeteen izen klasikoak. Jorratu aditza beste esanahi batzuetara ere zabaldu da semantika alorrean. Apiril hilabete hau idazle askok aipatzen digu, esaterako, Lauaxeta olerkariak hauxe idazten zuen: “ Hamasei jorraildun neskatxa “, hau da, urteak adierazteko. Bilintx, olerkari eta bertsolariak: “ Eta hainbeste apirilen erdian, zu bakarrik izango zera maiatza”. Apiril hilabetea esaeraz beterik dago. Hona hemen euretariko batzuk: “ Apirila bero, negua gero”. “ Apirileko egunak hiru aro”. Etab. Labur esanda, apirilean eguraldia eta natura dantzan dabiltza, eta “ zelako musika halango dantza egin behar”. Ze erremedio!
0 Comments