HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 2
Aldi hartan, Maria hilobi ondoan zegoen, kanpoan negarrez. Eta, negarrez zegoela, hilobirantz makurtu zen eta bi aingeru ikusi zituen, zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen lekuan eserita, bata burualdean eta bestea oinetan. Aingeruek esan zioten: «Zer duzu negarrez, emakume?». Hark erantzun zien: «Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten». Hau esan eta berehala, atzera itzuli eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela. Jesusek esan zion: «Zer duzu negarrez, emakume? Noren bila zabiltza?». Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion: «Jauna, zuk eraman baduzu, esadazu non ipini duzun, eta nik jasoko dut». Jesusek esan zion: «Maria!». Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz: «Rabbuni!» (hau da, «Maisu!»). Jesusek esan zion: «Utz nazazu, oraindik ez bainaiz Aitagana igo. Zoaz nire senideengana eta esaiezu: “Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana”». Joan zen Maria Magdalena, eta berri hau eman zien ikasleei: «Jauna ikusi dut, eta hau eta hau esan dit».
Joan 20, 11-18.
Gure bizitzako une zailetan Jainkoaren presentzia sentitzea kosta egiten zaigu. Guztiz normala da, ez da fede falta edo gure akatsen ondorio. Gizakiak gara, eta horrek dakartzan mugak onartu beharra dugu. Horrek ez du Jainkoa gurekin ez dagoela esan nahi, ezta gu zigortu nahian dabilela ere. Jainkoa, Jesus gaurko ebanjelioan bezala, gure ondoan dago. Aldamenean dugula erakutsi nahi digu, baina gure pentsamenduek, gure kezkek eta urduritasunek ez digute argi ikusten uzten. Gure arazoak Hari leporatzera irits gaitezke, Mariak Jesusi (baratzezaina zelakoan) gorpua eraman izana leporatzen dion bezala. Lasai hartu behar dugu, Berak gu ohartu arte deitzen jarraituko du, haserretu gabe, pazientzia osoz, eta Bere ahotsa entzutean bizitako larritasuna iraganean geratuko da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments