HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 1

Aldi hartan, emakumeak hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz baina poz-pozik, lasterka joan ziren ikasleei berri ematera Hartan, Jesus atera zitzaien bidera eta agur egin zien. Emakumeek, hurbildurik, oinak besarkatu zizkioten eta gurtu egin zuten. Orduan, Jesusek esan zien: «Ez beldur izan! Zoazte eta esan nire senideei Galileara joateko. Han ikusiko naute». Emakumeak bidean zihoazela, guardiako batzuek hirira joan eta gertatutako guztiaren berri eman zieten apaizburuei. Hauek, zaharrekin bildu eta hitzartu ondoren, dirutza handia eman zieten gudariei, aginduz: «Esazue, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zeundetelarik, gorpua lapurtu dutela. Eta Gobernariaren belarrietara ezer iristen bada, geuk hitz egingo diogu eta arriskutik aterako zaituztegu».

Haiek dirua hartu eta agindu bezala egin zuten. Eta gaurdaino zabaldu da kontu hori juduen artean.

Mateo 28, 8-15.

Jesus Berpiztuarekin topatzeak, Haren esperientzia izateak, ez du denongan modu berean eragiten. Gaurko pasarteak argi erakusten digu: emakumeak, pozez beterik, beste ikasleei esperientzia horren berri ematera doaz; guardiak, berriz, diru-truk isilik geratu dira. Bi kasuetan denek jakin dute Jesus berpiztu dela, baina lekukoen jarrera afektuek bideratzen dute. Emakumeek Jesus benetan maite dute eta haren berpizkundearen berriak eraginda poza sentitu dute. Guardiek, berriz, gauza bera jakinik, ez dute era berean jardun, Jesusek berdin baitie. Beraientzat Haren berpizkundea jakite kontu hutsa da. Dirua gehiago maite dute eta, horregatik, isilik geratuko dira. Gu, Jesusen esperientzian, Harekin dugun harremanean, jakite kontu hutsean geratzen gara ala gure sentimenduak ere mugitzen dira?

Jokin Gonzalez de Chavarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude