Ahurkada erdia soilik (Jn 12, 1-11)

2024 Mar 25
Pazkoa dator, Jauna,
egun batzuk baino ez dira falta
eta gu geure buruak prestatzen ari gara,
elkarrekin bildu
eta Jesusen ondoan egoteko.

Badakigu haren ordezkoak
gure artean ditugula oraindik ere,
Jesusek zioenez
—injustizia jasaten dutenak,
indarkeriaren biktima errugabeak,
honegatik edo hargatik desberdintzat jo
eta mespretxatzen ditugunak,
inori axola ez zaizkionak…—.
Badakigu, era berean,
haien neba‑arrebatzat jokatuz,
zure proiektua bultzatzen ari garela,
zu gure Aita‑Ama izateko bidea
garbitzen laguntzen dizugula…

Baina Jesus bera ere behar dugu:
benetako bizi iturria Jesus dela gogoratu,
bere oinez gure artean zabiltzala aitortu
eta oin horien urratsetan
zure aintza aldarrikatu behar dugu.

Eskerrak, Jauna, Pazkoagatik,
eskerrak, Jesus gure erdian dugula,
elkarrekin afaltzeko aukeragatik,
horrexek emango baitigu
Jesusek ematen duen bizia,
horrexek eramango baikaitu
Jesusen gaurko ordezkoengana.

Badakigu, hori bai,
zure proiektuaren etsaiek,
gauza sakratuen izenean
gizakiak zapaltzen dituztenek,
merkatuen aldarean
giza sakrifizioak burutzen dituztenek,
bestelako interesak dituztela
eta ez dutela neba‑arrebatasuna maite;
ahal badute, behintzat,
Jesusen baloreak desagerraraziko dituzte
eta balore horien bultzatzaileak akabatu.
Lagun iezaguzu horiei maskara kentzen,
lagundu haiei aurre egiten eta horrela
Historia zure proiekturantz bultzatuko dugu,
ahurkada erdia baino ez bada ere.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude