HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 23
Aldi hartan, Maria ikustera joandako judu askok, Jesusek Lazarorekin egina ikustean, harengan sinetsi zuen. Haietako batzuek, ordea, fariseuengana joan eta Jesusek egin zuena kontatu zieten. Orduan, apaizburuek eta fariseuek Batzarra bildu zuten, eta esan: «Zer egin? Gizon hau ezaugarri asko egiten ari da. Horrela jarraitzen uzten badiogu, denek sinetsiko dute honengan, etorriko dira erromatarrak eta suntsitu egingo dizkigute bai tenplua eta bai herria». Batzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusi zen Kaifasek, esan zien: «Zuek ez dakizue ezer. Ez al zarete konturatzen hobe duzuela gizon bat herriagatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?». Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan; baizik eta, urte hartan apaiz nagusi zenez, profeta bezala hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela adieraztean; eta herriaren alde ez ezik, baita sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere. Eta egun hartan, Jesus hiltzea erabaki zuten. Horregatik, Jesus ez zen agerian ibiltzen juduen artean. Basamortu ondoko bazter batera alde egin zuen, Efraim izeneko herrira, eta han egon zen ikasleekin. Juduen Pazkoa gainean zen, eta herrialdeko jende asko Jerusalemera igo zen Pazkoa baino lehen, garbikuntzak egiteko. Jerusalemera etorriak Jesusen bila zebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen zioten elkarri: «Zer deritzozue? Ez ote da jaietara etorriko?». Apaizburuek eta fariseuek agindua zuten, baldin inork Jesus non zen jakiten bazuen, sala ziezaiela, atxilotu ahal izateko.
Joan 11, 45-57.

Zergatik sortzen zuen halako ezinegona eta urduritasuna Jesusen ospeak judu batzuengan eta fariseuengan? Ez soilik jendearen artean zuen arrakastagatik, baizik ekintzaile ausart zebilelako. Haren ekintzak molde berrikoak izateaz gain, aldakuntza zekarten. Batzuentzat zerbait miragarri eta loriatsua; beste batzuentzat, mugak gainditzen zituen. Txanponaren bi aldeak: konfiantza berria eta arriskuen aurreko susmoa.
Nahiz eta garai hartako gertakariak izan, gaur ere halakoen aurrean gizakiok ditugun erantzunak desberdinak izaten dira, gizakiok ez baikara berdinak ez jokaeretan, ez sentimenduetan. Batek musika gozagarri duena, beste batek desberdin sentitzen du. Aniztasun horretan, Ebanjelioa aukera askea suertatzen da, onartzeko zein arbuiatzeko.
Hasieran behintzat, Jesusen aurkakoak boterean zeudenak ziren. Onartezin zitzaien kontrabotere hura garatzen uztea, boterea alboratuta, norbere kontzientzia askatasuna indartzen baitzuen. Erabat desagertu behar zuen etor zitezkeen korapiloak desegiteko. Zalantzak ere izango zituzten, zeren sakonean bazekiten gizon ona zela. Dena den, erabaki zuzenena hau zen: hilarazi eta aurrera. Lortu zuten, bai, hiltzea. Baina gero agintari judu haiei erromatarren suntsiketa jasatea tokatu zitzaien.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments