HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 22

Aldi hartan, juduek berriro harriak hartu zituzten Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan zien: «Egintza onik asko egin dut zuen aurrean Aitaren izenean; horietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?». Erantzun zioten: «Ez zaitugu egintza onak egiteagatik harrikatu nahi, birao egiteagatik baizik; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako». Jesusek erantzun zien: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: “Nik esan dut: jainko zarete?”. Beraz, Jainkoak “jainko” esaten die bere hitza zuzendu zienei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Nola diozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, Jainkoaren Seme naizela esateagatik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri; baina egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin betiko jakingo duzue Aita nigan dagoela eta Ni Aitagan». Berriz ere atxilotu egin nahi izan zuten, baina ihes egin zien eskuetatik. Berriro Jordanez beste aldera joan zen Jesus, garai batean Joan bataiatzen ari izan zen lekura. Han gelditu zen aldi batez, eta jende asko joaten zitzaion. Hau zioten: «Joanek ez zuen ezaugarririk batere egin, baina hark honetaz esan zuen guztia egia zen». Eta han askok sinetsi zuen Jesusengan.

Joan 10, 31-42.

Pertsona onberari ere gertatzen zaio besteek bere ontasuna zalantzan jarri edo ukatzea. Kanpotik bai, baina sakonean eszeptikoek onartzen dute ona dela edo ongian dabilela. Baina ezberdintasun batzuengatik -ideiak, interesak, tirabirak- aurka egingo diote. Ez da harrikatua izango, noski, baina bai nolabait erasoa, eta bere aurka ere hitz egingo dute.

Zergatik mehatxatzen zuten Jesus? Agian bere ausardiagatik, jendearentzat erakargarri suertatzean, ziurtasunetatik ateratzen zituelako. Euren boterea kolokan jarria sentitzen zuten, Jesusek ekintzarako eta egoerei aukera berriak emateko zerabilen abileziagatik. Gainera, Jainkoaren izaera bertsukoa izatea ulertezina egiten zitzaien. Horrekin Jainkoa/gizakia bereizketa deseginda geratzen zitzaien, eta biraotzat hartzen zuten. Nola izan zitekeen jainkotasuna partekatu genezakeela aldarrikatzea?

Bestalde, apala zenez, oztopatua izateko erraza zen. Baina ez zen sekulan lotsati edo uzkurtuta geratu. Bera bezalako gizaki ausartak, gutxi!

Ebanjelioaren jarraitzaileoi antzekoa gerta lekiguke: era batera edo bestera alboratuak, beheko mailako edo inozotzat hartuak izatea, batez ere, Ebanjelioren espiritua lotsa barik bizi badugu.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.