HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 17
Aldi hartan, jaietan Jainkoari kultu ematera igo zirenen artean, baziren greziar batzuk ere. Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke». Andresi esatera joan zen Felipe, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi esan zioten. Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua. Egi-egiaz diotsuet: Gari-alea, lurrean erori eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, Ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena ohoratu egingo du Aitak. Larri dut orain neure barrena, baina zer esan? Ordu honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Baina honetarakoxe etorria naiz, hain zuzen, ordu honetarako! Aita, azaldu zeure izenaren aintza!». Orduan, ahots bat entzun zen zerutik: «Azaldu dut, eta berriz ere azalduko dut». Han zegoen jendeak, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioen; beste batzuek, berriz, aingeru bat mintzatu zitzaiola. Jesusek esan zien: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik. Oraintxe da mundu honen epaiketa, oraintxe botako dute kanpora mundu honetako buruzagia; eta Nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut guztiak». Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen eman zuen aditzera.
Joan 12, 20-33.
Bibliak azaltzen digunez, Jainkoak gizakia egitean, gizakiekin identifikatu nahi izan zuen. Gizakiok, ordea, ez genuen Jainkoaren proiektua onartu nahi izan, ez genuen onartu Jainkoa gure gurasoa zela eta gu, berriz, haren seme‑alabak; hala, Jainkoa bezalakoak izan nahi izan genuen eta bide horretan elkar hiltzera ere heldu ginen. Aurrerantzean Jainkoa oihuka dabilkigu: “non dira zure neba‑arrebak?”.
Egoera honek honela iraun zuen, Jesus iritsi arte. Jesus izan zen, Aitaren oihuari erantzunez, haren borondatea azkeneraino egin zuen bakarra, fideltasun hori garesti ordaindu zuen arren. Bazekien Aitaren nahia egiteak heriotzara eraman zezakeela eta, hala ere, bere Aita‑Amak gura zuen fruitua emateko, onartu egin zuen. Areago; jarraitzaileoi bide berbera proposatu zigun.
Egoera gaiztotzen denean, eska diezaiogun Jaunari, jaso behar ditugun ondorioak ondorio, bere borondatea ezagutzeko argia eta betetzeko indarra; eta izan dezagun konfiantza, non edo non ahots bat entzungo dugula: “ohoratzen zaitut; neba‑arrebekin nire nahia eginez, zuekiko nire proiektua aurrera bultzatzen ari zara”.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments