HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 16

Aldi hartan, jende arteko batzuek, Jesusen hitzak entzutean, hau zioten: «Hauxe da egiaz etortzekoa den profeta». Beste batzuek esaten zuten: «Hauxe da Mesias». Beste batzuek, berriz: «Galileatik etor ote daiteke Mesias? Ez al dio Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa izango dela eta haren herritik, Betleemdik, etorriko dela?». Iritzi kontrajarriak zeuden, bada, jendearen artean Jesusi buruz. Batzuek atxilotu egin nahi zuten; baina ez zion inork eskurik gainean jarri. Guardiak apaizburu eta fariseuengana itzuli ziren, eta hauek galdetu zieten: «Zergatik ez duzue ekarri?». Guardiek erantzun zieten: «Ez du sekula inork gizon horrek bezala hitz egin». Fariseuek erantzun zieten: «Zer? Zuek ere liluratu al zaituzte? Sinetsi ote du harengan agintari edo fariseuetako batek ere? Baina legea ezagutzen ez duen jende hori madarikatua dago». Orduan, Nikodemok, fariseu haietako batek, behinola Jesusengana joan zenak, esan zien: «Zilegi al da gure legearen arabera inor gaitzestea, berari entzun eta zer egin duen jakin gabe?». Besteek erantzun zioten: «Galilearra al zara zu ere? Aztertu Liburu Santuak eta ikusiko duzu Galilean ez dela inoiz profetarik sortu». Ondoren, nor bere etxera joan zen.

Joan 7, 40-53.

Garai hartako juduen ustez, Jesus ezin izan zitekeen Mesias, Galileatik zetorrelako. Galilea jentilen lurraldea zen, hau da, agintariek bultzatzen zuten erlijio moldeetatik urrunen zegoen lurraldea. Jesus, ordea, bertan hasi zen erreinuari buruzko mezua ematen, bertan hasi zen “Jainkoa gure alde dago” eta “gauzak bestela joan daitezke, Jainkoak hala nahi baitu” aldarrikatzen. Mezu horren lehen hartzaileak galilearrak izan ziren, legea txartoen ezagutzen eta betetzen zutenak, jentilekin nahastuta bizi zirenak, bekatari zirelako pobre eta gaixorik irauten zutenak, alegia.

Jesus urrunetik zetorren eta boteretik urrun zegoen. Jainkoak agintzen zionez, lehendabizi baztertuenei zuzentzen zien Berri Ona. Hori dela‑eta zalantzak eragiten zituen: batzuentzat berri ona zen, beste batzuentzat ezin ulertuzko mezuaren ekarlea, eta boteretik hurbilen zeudenentzat hil beharreko arerioa.

Badakigu, beraz, Jesusen atzean bagabiltza, erlijio eta gizarte botereekin arazoak izan ditzakegula. Merezi du, hala ere. Otoitz egin dezagun, Jaunak gaurko gure Galilea non den jakiteko argia eta gaurko gure inguruko “galilearrengana” zuzentzeko indarra eman diezagun.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude