HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 15
Aldi hartan, Jesus Galilean zebilen; ez zuen Judean ibili nahi, juduek hil egin nahi baitzuten. Hurbil zen Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan zirenean, Jesus ere joan zen; baina ez agerian, erdi ezkutuan baizik. Jerusalemdar batzuek zioten: «Ez al da hau hil nahi dutena? Lasai asko ari da, bada, hizketan, eta ez diote ezer esaten. Onartu ote dute agintariek hau dela Mesias? Baina hau badakigu nongoa den; Mesias etorriko denean, ordea, ez du inork jakingo nongoa den». Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ari zela, oihuka esan zuen: «Ni ezagutzen nauzue eta badakizue nongoa naizen. Baina Ni ez naiz neurez etorri, baizik eta fidagarria denak bidali nau, eta zuek ez duzue hura ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dut, harengandik bainator eta hark bidalia bainaiz». Orduan, atxilotu egin nahi izan zuten; baina ezin izan zion inork eskurik erantsi, ez baitzen artean iritsia haren ordua.
Joan 7, 1-2. 10. 25-30.
Jesus Mesias zen, Jainkoak aukeratua, hain zuzen ere. Baina bere garaiko jendeak bestelako bat espero zuen eta horregatik gaitzetsi zuten; areago, hil ere egin zuten. Eta Jainkoa, hala ere, temati ari da oraindik guri bere aukeratuen bidez oihu egiten. Gure Aita‑Ama izan nahi du eta horretarako gure artean neba‑arrebatzat jokatzea behar du.
Gaur ez dugu espero, orduan bezala, Jainkoaren aukeratua zaldi gainean eta ezpata eskuan etortzea; baina orduan bezala, gaurko boterea —botere ekonomiko, politiko edo militarra— duen eta botere horrekin salbatuko gaituen bat itxaroten dugu. Gainerakoak ezagutzen ditugu eta ez daukagu konfiantza handirik haiengan.
Jainkoak, berriz, bestelakoak aukeratzen ditu temati: baliabiderik gabeak, gerrek uxatutakoak, bakardadean bizi behar dutenak, indarkeriaren biktima diren emakumeak, bestelako sexu orientazioa dutenak… Gure inguruan daude, eguneroko bizitzan aurkitu ahal ditugu, ezagutzen ditugu, sarri askotan. Baina horiexek dira Jaunaren aukeratuak, haiexen bidez oihu egiten digu Jainkoak. Ez dezagun egin Jesusen garaikoek egin zuten berbera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments