HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zien judu-agintariei: «Nik neure buruaren alde egingo banu aitormen, nire aitormenak ez luke balioko. Beste batek du nire alde aitormen egiten, eta jakin badakit hark nire alde egiten duen aitormenak balio duela.

Zuek mandatariak bidali zenizkioten Joan Bataiatzaileari, eta hark aitormen egin zion egiari. Ez dut hau esaten inongo gizakiren aitormen-beharrik dudalako, zuek salba zaitezten baizik. Joan Bataiatzailea argi-zuzi piztua eta distiratsua zen, eta zuek, alditxo batez, poz hartu nahi izan zenuten haren argiaz. Baina Nik badut Joanen aitormena baino hoberik: Nik betetzeko Aitak eman dizkidan egintzak; nire egintzek egiten dute aitormen nire alde eta Aitak bidali nauela frogatzen. Bidali nauen Aitak berak ere egiten du aitormen nire alde. Baina zuek ez duzue inoiz haren mintzorik aditu, ez haren aurpegirik ikusi, eta haren hitzak ere ez du zuen baitan lekurik, hark bidaliagan ez sinesteak erakusten duen bezala.

Aztertzen dituzue Liburu Santuak, betiko bizia haietan aurkituko duzuelakoan, eta horiek dute, hain zuzen, nire alde aitormen egiten; hala ere, ez duzue nigana etorri nahi, betiko bizia izateko. Ez dut gizakiengandik aintzarik onartzen; baina ongi ezagutzen zaituztet eta badakit ez duzuela Jainkoa maite. Ni neure Aitaren izenean etorria naiz, baina zuek ez nauzue onartu; norbait bere izenean etorriko balitz, hura bai, onartuko zenukete. Nola sinets dezakezue zuek, elkarrengandik onartzen baduzue aintza, eta Jainko bakarragandik datorren aintzak ez badizue axola? Ez uste izan Aitaren aurrean Nik salatuko zaituztedanik; bada salatuko zaituzten norbait: Moises bera, zeuen itxaropen duzuena. Izan ere, Moisesi sinetsiko bazeniote, niri ere sinetsiko zenidakete, nitaz idatzi baitzuen hark; baina hark idatzia sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik esana?».

Joan 5, 31-47.

Bizitzan zehar erabaki beharra izango dugu askotan. Eta inork ez digu kenduko —Jainkoak berak ere ez— erabakitzeko erantzukizun hori. Inork ez digu emango bidea ziurtasunez hautatzeko errezetarik, noizean behin, lagungarri gertatuko zaigun  Joan Bataiatzailea bezalako pertsonaren bat ondoan izango badugu ere.

Badugu, dena den, bidea aukeratzeko irizpide zuen bat, irizpide zuzen bakarra, alegia: Jesusen egintzak. Eta ez egintza miragarriak, eguneroko gauzak baizik. Jesusek munduari Jainkoak bezalaxe begiratzen dio eta Jainkoak berak nahi dituen gauzak egiten ditu.

Horra, bada, gure irizpidea. Saia gaitezen mundua —mundua oro har eta gure inguru zehatza— Jainkoak ikusten duen moduan ikusten. Saia gaitezen ondoren, egoera zehatz bakoitzean, egunero erabaki behar izaten ditugun gauzetan, Jesusek zer egingo lukeen erabakitzen… Eta horixe egin. Inork ez digu erabakitzeko beharra gainetik kenduko. Baina asmatzea ere ez zaigu eskatuko; Jesusen bidean saiatzea da eskatzen zaigun bakarra.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude