HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 13
Aldi hartan, Jesusek esan zien juduei: «Nire Aita lanean ari da beti, eta Ni ere lanean ari naiz».
Esandako honengatik, juduak are gehiago zebiltzan Jesus hil nahian; larunbateko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita zuela baitzioen, bere burua Jainkoaren pareko eginez. Jesusek esan zien: «Egi-egiaz diotsuet: Semeak ez dezake ezer ere bere kabuz egin, Aita egiten ikusten duena besterik: Aitak zer egin, huraxe bera egiten du Semeak ere. Izan ere, Aitak maite du Semea eta berak egiten dituen guztiak erakusten dizkio, eta hauek baino egintza handiagoak ere erakutsiko dizkio, harritu egingo zaituzteten egintzak. Aitak hilak piztu eta bizia ematen dien bezala, Semeak ere bizia ematen die nahi duenei.
Aitak ez du inor epaitzen, baizik eta epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku utzi du, denek, Aita ohoratzen duten bezala, Semea ere ohora dezaten; Semea ohoratzen ez duenak, hura bidali duen Aita ere ez du ohoratzen. Egi-egiaz diotsuet: Nire hitza entzun eta bidali nauenagan sinesten duenak, betiko bizia du; ez da kondenatua izango, heriotzatik bizira igaroa baita dagoeneko. Egi-egiaz diotsuet: Badator ordua, hobeto esan, iritsia da, hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dutena, eta entzuten dutenak biziko dira. Aitak bizia bere baitan duen bezala, Semeari ere bizia bere baitan izatea eman dio. Gainera, epaitzeko ahalmena eman dio, Gizonaren Semea delako. Ez harritu esaten dizuedanaz; badator-eta ordua, hildako guztiek haren ahotsa entzungo dutena, eta hilobietatik aterako direna: ongia egin zutenak betiko bizirako piztuko dira; gaizkia egin zutenak, aldiz, kondenatuak izateko. Nik ez dezaket neurez ezer egin; Aitari entzun bezala epaitzen dut, eta nire epaia zuzena da, ez baitut helburu neure nahia egitea, bidali ninduenarena baizik».
Joan 5, 17-30
Guri harrigarri samarra egiten zaigu, Jesusek esaten zituen gauza horiengatik hil nahi zutela irakurtzen dugunean. Basatikeria deritzogu horri; eta, izan ere, halaxe da, ziurrenik. Baina ondo pentsatzen badugu, guk ere badauzkagu sakratutzat ematen ditugun gauzak (lana, ongizatea, onartu ditugun legeak…) eta gauza horiek defenditzeko, jendea hiltzeko prest gaude, edo jendeari hiltzen uzteko prest, gutxienez. Eta zer esaten digu Jesusek horri buruz? Gauza bi, gutxienez.
Lehendabizi, lege guztien gainetik Aitak egiten duen berbera egin behar dugula. Aitak oihu egiten digu historian baztertuta erdibizi diren guztiengan eta gure erantzuna espero du: gu neba‑arrebak izatea, bera Aita‑Ama izan ahal izateko.
Eta erantzun hori bizia ematea da: Gauza sakratu guztiak baino sakratuagoak diren gure neba-arrebei, bizi izena merezi duen bizia ematea, alegia. Nekeza izan daiteke, egia da, hori guztia nola egin jakitea; baina horretarako irizpide zuzena ere badaukagu: Jesus dugu irizpide zuzena, Aitak bizia bere baitan izatea eman baitio.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments