HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 12

Aldi hartan, juduen jai bat ospatzen zen, eta Jesus Jerusalemera igo zen. Bada Jerusalemen, Ardien Atea delakoaren ondoan, hebreeraz Betzata deritzan uraska bat, bost aterpe dituena. Aterpeetan gaixo asko egon ohi zen, lurrean etzanda: itsu, herren eta elbarri. Bazen han hogeita hemezortzi urtez gaixorik zegoen gizon bat. Jesusek, han etzanda ikusi eta aspalditik egoera hartan zegoela jakinik, esan zion: «Nahi al duzu sendatu?». Gaixoak erantzun zion: «Jauna, ez dut inor ura mugitzean uraskara sartuko nauenik; ni iristerako, besteren batek aurrea hartzen dit». Jesusek esan zion: «Jaiki, hartu ohatila eta zabiltza». Une berean sendaturik gertatu zen gizona, ohatila hartu eta ibiltzen hasi zen. Larunbata zen egun hura, atseden-eguna. Horregatik, juduek esan zioten sendatuari: «Larunbata da, eta ez duzu zilegi ohatila eramatea». Hark erantzun zien: «Sendatu nauenak berak esan dit: “Hartu ohatila eta zabiltza”». Orduan, galdegin zioten: «Nor da ohatila hartu eta ibiltzeko esan dizuna?». Sendatuak, ordea, ez zekien nor zen, Jesus ezkutatu egin baitzen inguruko jendearen artean. Gero, Jesusek tenpluan aurkitu zuen eta esan zion: «Begira, sendaturik zaude. Ez egin bekaturik berriro, okerragorik gerta ez dakizun». Joan zen gizon hura, eta juduei jakinarazi zien Jesus zela sendatu zuena. Horregatik, hain zuzen, erasotzen zioten juduek Jesusi: larunbatez halako gauzak egiten zituelako.

Joan 5, 1-3a. 5-16

Jesusen garaiko juduen ustez, gaixotasunak bekatuengatik Jainkoak ezarritako zigorra ziren. Eta pasarte honetako gaixoak, beraz, bekatariak ziren eta han zeuden, uraskaren inguruan, ura mugitzen zenean uretan sartzen zen lehenari gertatuko zitzaion mirariaren zain. Gu geu ere, ez ote gara egoera bertsuan sarritan egoten? Ez gara ibiltzen atera biderik ezin ikusirik, itsuak bagina bezala? Ez zaigu kostatzen aurrera egitea, errenak bagina legez? Ez ditugu beste hainbat ezintasun, eta lotuta bezala gaude, lurrean etzanda?

Jesusek gure arazoak esku artean hartu eta aurrera egiteko gonbita egiten digu: “Hartu ohatila eta zabiltza”. Eta gero “Ez egin bekaturik berriro”. Jainkoak ez du harrigarrizko gauzarik egingo gure egoera aldatzeko. Horren zain bagaude, luze itxaron beharko dugu, pasarteko gaixoak bezalaxe. Irteera beste bat da: gure ezinak Jesusen aurrean jarri, esku artean hartu eta errotik aldatzea. Eska diezaiogun Jaunari horretarako argia eta indarra.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude