HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 11
Aldi hartan, Jesus Samariatik atera eta Galileara joan zen. Jesusek berak aitortua zuen, profeta ez dutela bere herrian aintzat hartzen. Hala ere, Galileara iritsi zenean, galilearrek harrera ona egin zioten. Izan ere, Jerusalemen izanak ziren berak ere eta ikusiak zituzten Jesusek Pazko-jaietan egin zituen guztiak. Jesus Galileako Kanara joan zen berriro, ura ardo bihurtu zuen herrira. Bazen han errege-funtzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik zeukana. Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara etorri zela jakitean, harengana joan eta bere semea sendatzera jaisteko eskatu zion, hilzorian zegoela eta. Jesusek erantzun zion: «Ezaugarriak eta egintza harrigarriak ikusten ez badituzue, ez duzue sinesten». Baina errege-funtzionarioak berriro: «Zatoz, Jauna, nire haurra hil baino lehen». Jesusek esan zion: «Zoaz etxera, onik duzu-eta semea». Gizonak sinetsi egin zuen Jesusek esana eta joan egin zen. Etxerakoan, morroiak atera zitzaizkion bidera, semea onik zuela esanez. Orduan galdetu zien zer ordutan hasi zen oneratzen. Eta haiek erantzun: «Atzo eguerdiko ordu batean utzi zion sukarrak». Konturatu zen aita ordu hartan esan ziola Jesusek: «Onik duzu semea». Eta sinetsi egin zuten Jesusengan berak eta etxeko guztiek. Judeatik Galileara itzuli zenean egin zuen Jesusek bigarren ezaugarri hau.
Joan 4, 43-54.
Garai hartako jendeak bezala, sarri askotan Jesusengandik mirariak espero ditugu, gertaera harrigarriak, alegia. Eta inguruko jendeak egiten dituen benetako mirariak (elkartasuna, elkarri laguntzea, entzutea, errukia…) ez ditugu aintzat hartzen, besteak beste, gure inguruko jende ezagunak egiten dituelako.
Jesusentzat, ordea, mirariak ez dira ekintza harrigarri horiek, Jainkoaren erregetzaren seinaleak baizik, hau da, gauzak gaur diren bezala ez, bestela izan daitezkeela, Jainkoak nahi duen modukoak izan daitezkeela adierazten duten gertaerak. Eta horiek sinesteko, Jesusen bidea eta Jesusen proiektua sinetsi behar dira.
Gure ezer ezaz jabetu behar dugu, gu bakarrik gauza handitarako gai ez garela konturatu, eta Jesusi apal eskatu: ”Zatoz, Jauna, haurra hil baino lehen”, “Zatoz Jauna eta salba nazazu”. Agian orduan helduko da salbazioa gurera eta gure ingurura.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments