HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 10
Aldi hartan, Jesusek esan zion Nikodemori: «Moisesek basamortuan brontzezko sugea altxatu zuen bezala, hala izan behar du altxatua Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten. Izan ere, hain maite izan zuen Jainkoak mundua, bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duen inor gal ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan. Jainkoak ez baitzuen bere Semea mundura bidali mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baizik. Harengan sinesten duena ez dago kondenatua; sinesten ez duena, berriz, kondenatua dago jadanik, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinetsi ez duelako. Hauxe da kondenazioaren arrazoia: argia mundura etorria dela, eta gizakiek ilunpea nahiago izan dutela argia baino, haien egiteak gaiztoak zirelako. Izan ere, gaizkia egiten duenak gorrotoa dio argiari, eta ez dator argira, haren egiteak agerian geldi ez daitezen. Egiaren arabera ari dena, berriz, argira dator, haren egiteak Jainkoak nahi bezala eginak direla ager dadin».
Joan 3, 14-21
Jesusen jarraitzaile askok gure bizitzak aktiboaren eta pasiboaren atal bana dituen enpresa baten balantzea balitz bezala bizi ditugu. Gure okerrak eta arrakastak bertan idazten ditugu, bide honen amaieran Jainkoak epaituko gaituela sinesten dugulako. Epaiketa honen sententzia balantze horren emaitzaren araberakoa izango da. Zenbat hasperen!
Gaurko Ebanjelioaren baieztapena zeharo behin betikoa da: Jainkoak mundua salbatu nahi du. Eta Jesusen bidez egin du hau, Harengan sinesten badugu jarraipen horrek bizitza bete-betean bizitzera eramango gaituelako. Baina Harengan sinesten ez badugu, letra larriz idatzitako bizitzara daraman benetako bidea galtzen ari gara.
Gure bizitzaren balantzearen epaiketa hasia da, gaur eta hemen. Jesusengan sinesten badugu gure bizitza betea izaten hasia da. Jesusekin bat egiten dugun bakoitzean gure bizitza salbatzen dugu. Baina orduan, beste galdera bat datorkit. Filosofo famatu bat parafraseatuz, prest al nago nire bizitzako momentu bakoitzean Jesusekin bat egiteko? Jesusen jarraitzaile baten bizitza ez da bulegoan kalkulatutako balantze bat, baizik eta bizitzea merezi duen abentura trinkoa.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Askotan zaila egiten zait jakitzea Jesusekin bat egoteko nola egin, familian semeak zaintzean, edo lan eremuan
Jesus, gidatu nazazu zeure bidetik