HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 7

Aldi hartan, gizon bat mututurik zeukan deabrua botatzen ari zen Jesus. Deabrua atera bezain laster, mutua hizketan hasi zen. Jendea harriturik gelditu zen; batzuek, ordea, honela zioten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen zioten. Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua erraustu egingo da eta etxea etxearen gain eroriko. Era berean Satanas ere: bere baitan zatiturik badago, nola iraun dezake haren erreinuak? Zuek diozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen ditut. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botatzen baditut, garbi dago iritsi dela zuengana Jainkoaren erreinua. Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen duen bitartean, seguru dauzka bere ondasunak. Baina indartsuago den batek eraso eta menderatzen badu, segurantzia ematen zioten armak kendu eta banatu egiten ditu hari harrapaturiko ondasunak. Nire alde ez dagoena nire aurka ari da, eta nirekin biltzen ez duenak sakabanatu egiten du».

Lukas 11, 14-23.

Emakumeak, dibortziatuak, LGTBIak… Elizan. Sarritan, pertsona talde jakin baten duintasuna aitortzeko asmoz eliz instantziaren batetik sortutako proposamenen aurrean, Elizaren aurkakoa dela ohartarazten diguten kritika bortitzak entzuten ditugu. Berriro ere, gaian legoa den fededuna bere burura estu hartuta aurkitzen du.

Gaurko Ebanjelioan fariseuek, Jesusen exorzismoak onartu arren, Satanen eskuhartzeaz akusatzen dute. Jesusek gaizkiaren aurkako borrokan, gaizkia amaitzea eta ongia egitea Jainkoaren fruitua dela erantzuten die. Ongia egiten ez duena Jainkoaren aurka dago eta ongia egiten duena, berriz, Jainkoarekin dago. Ez dago batezbesteko edo distantziakidetasunik.

Gaurko pasartea ongia egiteko gonbidapen argia da, maitasunagatik egin daitekeen guztia egiteko gonbita: bestea, edozein dela ere, gertutasunetik ezagutu eta aitortu; ukitu, entzun, ikusi, usaindu eta dastatu; harrera egin, lagundu, salatu eta zerbitzatu; zazpitan zazpi mila aldiz barkatu eta zazpitan zazpi mila aldiz barkamena eskatu… neurririk gabe maitatu.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude