HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 6

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez uste izan Moisesen legea edota profeten esanak baztertzera etorria naizenik; ez naiz baztertzera etorri, beren betera eramatera baizik. Benetan diotsuet: Zeru-lurrek iraungo duten bitartean, legearen letrarik edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten duena eta hausten irakasten, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen duena, berriz, eta betetzen irakasten, handia izango da zeruetako erreinuan».

Mateo 5, 17-19.

Askotan, fededunok, gai honetan legoak garenok, Elizak historian zehar aurkitu dituen hainbat dogmen eta arauen interpretazio eta zentzuaren inguruko eztabaiden erdian aurkitzen gara. Elizaren Tradizio eta Magisteritzatik hasi, eta kode etikoetaraino doazen arauen multzo hori guztia paregabeko aberastasuna eta balioa da. Hala ere, horien inguruko eztabaidek ez dirudite beti asmo zintzokoak eta, behin baino gehiagotan, Ebanjelioarekin zerikusi gutxi edo batere ez duten jarrera filosofiko eta ideologikoen isla dirudite.

Gaurko Ebanjelioak Jesusek Moisesen Legearen aurrean duen jarrera erakusten digu. Jesus ez da Legearen aurkakoa, baizik eta, aitzitik, sakon ulertzen du, Aitaren borondatea aurkitzen duelako bertan. Bere kritika Legea interpretatzen dutenei zuzentzen zaie, bere sorkarienganako Aitaren Maitasunaren adierazpena dela kontuan ez hartzeagatik. Zeruertzera seinalatzen duen behatzari begiratzea bezala da, zeruertz horri berari so egon beharrean.

Jesusek ez dio Legeari aurrez aurre egiten, baizik eta bere zentzurik sakonenera eramaten du. Legea Jainkoaren borondatearen adierazpena da, bere sorkariekiko Maitasun hutsa dena. Esparru horretatik kanpo, Legea lege-arauen eta arau etikoen gorputz bihurtzen da, eta ez dira gai, berez, sinestuna Jainkoarengana hurbiltzeko. Beti geure buruari egin diezaiokegun galdera da, bederatziaren froga balitz bezala, ea arau horrek Jainkoarekiko eta senide bakoitzarekiko maitasunean eta zerbitzuan haztera garamatzan. Hau da zeruertza.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Legeak, gizakiak egiten ditu, justizia bilatu, bere errealitateari egokituta. Baina Jesusen justiziak edonor babesten du, eta batez ere pobrea k zaintzen ditu.

    Jainkoa, gidatu! zure justizia bizitzan ezartzeko

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude