HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 5
Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?». Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, atera orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?”. Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».
Mateo 18, 21-35.
Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz barkatzeko atsotitz ebanjeliko hori askotan entzuten dugu. Fededunarentzat arau etikoa da. Baina arau etiko gisa bakarrik hartzen dugunean, hurkoekin ez aplikatzeko modua ere aurkituko dugu, hura ez aplikatzea justifikatzen dituen zergatiak izaten ditugulako. Adiskidetzearen sakramentua askatasun-ariketa gisa bizitzeko sarritan dauzkagun zailtasunak honen adierazle dira.
Gaurko Ebanjelioan, barkamena umiliazio bezala ulertzen duen Moisesen Legearen aurrean, Jesusek Aitaren mugarik gabeko barkamena kontrajartzen du. Horregatik, Aitarekin bizi den diszipuluak, neurrigabeko miserikordia sentitu du bihotzean, eta, ondorioz, ez da gai senidearekin kalkuluak egiteko.
Jesusek ez gaitu arau etiko bat betetzera deitzen, Aitarekin harremanean bizitzera baizik. Elizaren erdian nagusi izan behar duen neurririk gabeko barkamena ez da agindu bat, Jainkoak beti barkatzen gaituela esperimentatzearen fruitua baizik. Aitaren mugagabeko maitasunaren esperientziak, senideari zazpitan zazpi mila aldiz barkatzeko gai egiten du pertsona. Horrela, Adiskidetzearen sakramentua, kontuak emateko momentua baino Maitasunaren festa bihurtzen da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments