HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 4

Aldi hartan, Jesus Nazaretera joan zen. Eta sinagogan jendeari esan zion: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua denik. Egiaz esaten dizuet: Bazen emakume alargunik asko Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin gabe egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zion haietako inori bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baizik. Eta bazen legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zen haietako inor sendatu, Siriako Naaman baizik». Hauek entzutean, sinagogan zeuden guztiak amorruz bete ziren. Eta jaikirik, Jesus herritik kanpora atera eta herria eraikia zegoen mendiko amildegira eraman zuten, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus haien erditik igaro eta bere bidetik joan zen.

Lukas 4, 24-30.

Fededunok sekularizazioaren urakanaren begian gauden garai hauetan, geure artean atzera egin eta bidea urratzeko tentazioa entzuten dugu sarritan, mundua etsaia zaigulako eta baztertu egiten gaituelako. Badirudi Eliza eta mundua bi errealitate bereizi eta are antagoniko direla, non Eliza bere baitan perfektua den eta mundua gaizkia bizi den lurraldea.

Gaurko Ebanjelioan, gizonen arteko beste gizon bat besterik ez izateagatik eta Jainkoarengandik espero duten dizdira ez erakusteagatik arbuiatzen duten beretarren aurrean jartzen da Jesus. Bere burua zuritu beharrean, profetek fededunak Israelen aurkitu beharrean atzerritarren artean aurkitu zituztela gogorarazten die.

Pasarte honek gure fedearen edukiaz galdetzera garamatza. Benetako eskandalua Jesus da, bere hitza, bere eginak eta bere heriotza Berpizkundearen argitan interpretatuak. Horregatik gaude deituak begiak Harengan jartzera eta Harengan bakarrik, otoitz sinple baina zintzoan, gaurko alargundu, gaixo eta atzerritarrengan, eta Espiritu Santuak bere egonlekua aurkitu duen komunitatean.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude