HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 1

Aldi hartan, Jesusek esan zien apaizburuei eta herriko zaharrei: «Entzun parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta hesiz inguratu; bertan dolarea egin eta dorrea eraiki zuen; gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.

Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zituen nekazariengana, fruitutik zegokion partea jasotzera. Nekazariek, ordea, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten. Azkenean, bere semea bidali zien, bere baitarako esanez: “Izango diote begirune nire semeari”. Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zioten elkarri: “Oinordekoa duk. Hil dezagun eta guretzat izango duk ondarea”. Heldu zioten, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten». Jesusek galdetu zien: «Zer egingo die nekazari horiei mahasti-jabeak, itzultzean?». Erantzun zioten: «Errukirik gabe hilko ditu, eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuei utziko die mahastia». Jesusek esan zien: «Ez al duzue Liburu Santuan behin ere irakurri: “Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?”.

Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio». Parabola hauek entzutean, Jesus beraiengatik ari zela jabetu ziren apaizburu eta fariseuak, eta hura atxilotu nahian zebiltzan; baina jendearen beldur ziren, denek profetatzat baitzeukaten.

Mateo 21, 33-43. 45-46.

Jesusek berriro parabola bat azaltzen die zaharrei eta apaizburuei, horrela, hausnartu edo galde diezaioten beren buruari.

Indarkeriaren bidez eskuratu nahi izan zuten nekazariei mahasti bat alokatu zienaren istorioa kontatu ondoren, beren iritzia eskatzen die Legean adituak diren horiei. Hauek hautematen dute Jesusek Jainkoari bakarrik dagokion mahastiaz jabetu nahi izan duten nekazariekin alderatzen dituela, eta bera, Semea, oinordekoa, hil nahi dutela.

Jauna, egun honetan nire sustraia zarela konturatu nahi dut. Nire bizitza zure gainean eraiki nahi dut. Zu, nire giltzarria.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude