Txori bat agertu jaku garizuman aurten. Txori txiki kantari bat. Ez da Joan ebanjelistaren arrano indartsua. Ez da bakearen edo Espiritu Santuaren usoa. Txori txiki apal bat baino. Badauka zentzunik? Biblian bai. Sarri agertzen jaku gauza desbardinak azaltzeko.
Ur-bazterretan bizi dira zeruko txoriak, hostopean kantari. Sal 104,12
Txoriak ere aurkitu dau etxea, baita elaiak ere kumeentzat kabia, Sal 83
Garizuma honetan izango gara etxe txori horrentzat? Egingo deutsagu harrera ona? Bizitzaren ispilu dogu. Gure eguneroko bizizitzaren ispilu. Arazoekaz lo egin ezinik, herri minaz etorkina… Lagunak ondo zaintzeko aholkua. Arrastorik ixten ez dauena, diskretoa, isila.
Loak hartu ezinik, hor nago txori bakartia teilatuan bezala. Sal 102,8
Herritik urruti hara-hona dabilen gizakia, habiatik alde eginda noraezean dabilen txoria. Esaera zaharrak 27,8
Edo airean hegan doan txoria bezala: ez dau bere hegaldiaren aztarnarik izten; bere hegoez zafla-zafla jotzen dau aire arina eta ziztu bizian airea urratzen eta bidea irekitzen hegaldaka, baina ez dau igaro dan seinalerik izten. Jakinduria 5,11
Eskutik jaregindako txoria galtzen dozun bezala galdu dozu adiskidea, eta ez dozu barriro zeureganatuko. Si 27,19
Garizuman landu daigun gure konfiantza, uste ona Jaunagan. Txikia maite eta jagoten badau, txoritxoa adibidez, gu askoz gehiago. Guk be maite eta jagon daigun txikia, apala, pobrea, gaixoa, baztertua. Baraua eta limosnea, neurritasuna eta alkartasuna horretarako dira. Garizuma honetan zuganako konfiantza hori handitzeko gauza bagina!
Txoriak, hegoak zabaldurik, habia zaindu ohi dauan bezala, halaxe zainduko dau Jerusalem Jaun ahalguztidunak; zainduko dau eta askatuko, parkatu eta salbatuko». Is 31,5
«Ez ete dira txori bi txanpon batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera jausten zuen Aitaren baimenik gabe. Mt 10,29
Ez izan, bada, beldur: zuek txori guztiek baino gehiago balio dozue. Mt 10,31
Ez ete dira bost txori txanpon bitan saltzen? Alabaina, euretariko bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik. Lk 12,6
Zuen buruko uleak ere danak zenbatuak daukaz Jainkoak. Ez izan beldur: txori guztiek baino gehiago balio dozue. Lk 12,7
Senidetasun osoaren ametsa, pobreak eta etorkinak barru, Jainkoaren Erregetza be gogoratzen deuskue txoritxoek.
«Txoriak bezala, dardaraz etorriko dira Egiptotik, usoak bezala, Asiriatik. Euren etxeetan jarriko ditut bizitzen. Halan dinot nik, Jaunak. Os 11,11
Garizuma on! Txoki kantari garizuma bidean Pazkoari begira!
0 Comments