HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 29

Aldi hartan, honela mintzatu zitzaien Jesus fariseuei: «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jantzi eta egunero festa ederrak egiten zituena. Lazaro izeneko eskale bat, berriz, aberatsaren etxe-atarian etzanda egoten zen, zauriz josia; gogotsu jango zukeen aberatsaren mahaitik erortzen zena. Txakurrek berek ere etorri eta zauriak milikatzen zizkioten.

Hontan, hil zen eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eraman zuten. Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten. Hilen Egoitzan oinazetan zegoelarik, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urrutian eta Lazaro haren altzoan, eta deiadarka esan zuen: “Aita Abraham, erruki zakizkit! Bidal ezazu Lazaro atzamar muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera, oinaze gorrian bainago sugar hauetan”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Seme, oroit zaitez zuk zorion franko izan zenuela bizitzan, Lazarok, berriz, zorigaitzak; horregatik, orain hark atsegina aurkitu du, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta nahita ere ezin da inor hemendik zuengana igaro, ezta hortik gugana ere”. Aberatsak berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, eurak ere oinaze-leku honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak; entzun diezaietela”. Hark berriro: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joango balitzaie, bihotz-berrituko lirateke”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, ez dute sinetsiko ezta hildako bat piztuta ere”».

Lukas 16, 19-31.

Epulon zenaren eta Lazaro gaixoaren artean dagoen distantziaren irudia oso nabarmen azaltzen du Jesusek kontatuko parabola honetan. “Leizeak” sortzen ditugu gure anai-arreben aurkako desberdintasun eta bidegabekeria egoerak sortzen eta sostengatzen ditugunean. Ez da ondasunen jabetza epaitzen, baizik eta hurkoaren minaren eta beharraren aurrean solidaritza eta errukirik eza.

Hausnartzeko: Zein dira nire bizitzan sortu ditudan Leizeak? Barkamena eskatzeko beharra sentitzen al dut?  Zer egin dezaket “Leize” hori edo horiek ezabatzeko?

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Zein esanguratsu egin zaidan gaur “leizeen” inguruko burutapena. Eskerrik asko Pakea

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude