HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaOtsailak 28
Aldi hartan, Jesusek, Jerusalemera igotzen ari zela, hamabi ikasleak aparte hartu eta esan zien bidean: «Begira, Jerusalemera igotzen ari gara eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege- maisuen esku utziko dute, heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren esku utziko, iseka egin diezaioten, zigorkatu eta gurutziltza dezaten; baina hirugarren egunean piztuko da».
Orduan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?». Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, eser daitezela zure erreinuan bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?». Erantzun zioten: «Bai, gauza gara!». Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio».
Beste hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia askoren ordainsari ematera».
Mateo 20, 17-28.
Jesusek Jerusalemen biziko duena iragarri ondoren, oso gogorra egiten da Santiago eta Joanen jarrera ikustea. Txunditzekoa da. Non zegoen beraien sentsibilitatea? Boterea lortzeko Jesusengandik zuten hurbiltasuna aprobetxatu nahi izan zuten. Jesus, bere erantzunean, ez da biengana bakarrik zuzentzen, jarraitzaile guztiengana baizik, eta bilatzen duten botere horren alternatiba bat eskaintzen die: Eguneroko bizitzan, zerbitzuaren dinamikan bizitzea.
Mundua egozentrismotik ikusteari utzi eta zentroa beti bestea dela ohartzeak, benetako jarrera ebanjelikora eramaten gaitu. Botere orok (baita erlijiosoak ere), guztiontzako zerbitzu bezala erabiltzen ez denak, ebanjeliotik urruntzen gaitu.
Gaur, Jesus gurutziltzatuaren aurrean, otoitz egin dezakegu: zer egin dut eta zer egin dezaket Zugatik, Jauna?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments