HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 27

Aldi hartan, honela mintzatu zitzaien Jesus jendetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen maisu-aulkian eseriak daude. Egizue, beraz, eta bete haiek esandako guztia; baina ez egin egiten dutena; esan, esaten baitute, baina egiten ez. Zama astunak eta eraman ezinezkoak lotzen dituzte, eta besteei leporatzen; baina berek atzamar batez ere ez dituzte mugitzen. Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; larrutxa zabalak erabiltzen dituzte bekokian, eta borlatxo deigarriak mantu barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreneko aulkiak maite dituzte, plazetan jendeak agur egitea eta denek “maisu” deitzea. Zuek, ordea, ez utzi inori “maisu” deitzen, bakarra baita zuen maisua, eta zuek guztiok elkarren senide baitzarete. Eta ez deitu lurrean inori “aita”, bakarra baita zuen Aita, zerukoa. Eta ez utzi inori “gidari” deitzen ere, bakarra baita zuen gidaria, Kristo. Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».

Mateo 23, 1-12.

Jesusek, botere lekuek ebanjeliotik urruntzen dituzten jarrera desegokiak salatzen ditu.

Elizan boterea gaizki erabiltzearen tentazioa egunero bizi dugu. Gaur egun, botere- eta kontzientzia-abusuen jarreren ondorioak ikusten ari gara. Oso arazo larria izaten ari da eta justizia burutu dadin lan egin behar dugu, zeren askotan biktimak direnak isilduak dira, epaituak, baztertuak… beraien sufrimendua areagotuz. Aldi berean, batzuek ideologia konkretu batzuetatik mugituta, errukirik gabeko epaiketak egiten dizkiete eliza barnean desberdin pentsatzen dutenei. Kondenatzen dutena eta beraien jarrera konkretuak leku ezberdinetatik doaz.

Gure Elizan, inor ez gara libratzen boterea gaizki erabiltzearen jarreraz.

Gaurko ebanjelio-pasartean, Jesusek argi adierazten digu zein den boterea ondo erabiltzeko bidea. Bera da gure Maisua. Ikas dezagun berarengandik.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Jon

    Elizan inor ez gara libratzen. Jesús da maisu bakarra.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude