HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaOtsailak 26
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala. Ez gaitzetsi inor, eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu, eta ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta barkatuko dizue; eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».
Lukas 6, 36-38.
Jesusengan gure begiak ipintzen ditugunean, pasarte honetan adierazten dituen jarrerak argi asko identifika ditzakegu.
Errukia, besteen sufrimenduarekin sentitzeko eta hunkitzeko gaitasuna da, enpatiatik haratago doan jarrera da. Errukiak, atsekabetutako pertsona babestera edo haren mina konpontzera bultzatzen du. Jesusek, sentsibilitate berezia izan zuen sufritzen zuten pertsonekiko eta askotan, errukiarekin batera, justizia aldarrikatzen zuen. Noiz? Pertsonek jasaten zuten sufrimendua bidegabekerien ondorioa izaten zenean.
Jesusen jarreran ere, argi asko ikus dezakegu inoiz ez zuela inor epaitu. Horrek ez du esan nahi, jarrera desegokiak zituzten pertsonekin argia ez zenik. Egoera guztietan, Jesusek beste pertsona ulertu nahi izaten zuen, bestea bere bizitzaren kargu egitea gonbidatzen zuen, hanka-sartzeak denok ditugula adierazten zuen eta, horrelako egoeretan, jarrera aldatzeko gonbidapena egiten zuen, zoriontasun eta maitasun bidera itzultzeko nahi sakonarekin.
Gaur egun polita izan daiteke pasarte hau norbere jarrerak Jesusen argitan aztertzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments