Gure Aita Ama izango zara (Lk 6, 36-38)

2024 Ots 26
Borondate onez baina
jainkotu egiten naiz, Jauna,
batzuetan:
benetan behar den jakituria,
benetako irizpide zuzena,
benetako praktika koherentea…
neureak ditudala uste izaten dut
eta bai,
hain gordinik aitortu nahi ez badut ere
—neure buruari ere ez diot aitortzen, noski—,
gainerakoak baino hobea naizela uste
edo sentitzen dut,
noizean behin bederen.
Eta orduan gainerakoak,
diren bezala onartu eta maitatu beharrean,
epaitu egiten ditut,
horretarako nire jakituria,
nire irizpideak
eta nire praxia erabilita.

Jesusek, berriz,
gauzak bestela egitera gonbidatzen gaitu;
deserosoak zaizkigulako
ikasi nahi ez ditugun gauzak,
zure irizpideak bailiran
irizpidetzat ditugun gure interes kaskarrak,
zure proiektuarekin zerikusirik ez duen
gure praktika zentzudun zikoitza aztertu
eta zuk horiek guztiak errukiz ikusten dituzula
gogoratzera gonbidatzen gaitu:
“Izan zaitezte errukitsuak,
zuen Aita errukitsua den bezala”.

Eskerrik asko, Jauna,
nirekin erabiltzen duzun errukiagatik:
kondenatu beharrean,
barkatu egiten nauzulako
eta, gaitzetsi beharrean,
bide zuzenerako indarra ematen didazulako,
neurri beteaz, eman ere,
behar dudan bestean, alegia.

Lagun iezadazu, Jauna,
zuk niri begiratzen didazun bezala
gainerakoei so egiten;
lagun iezadazu
inor baino hobea naizela
pentsatzeko tentazioan ez jausten.
Horrela neba‑arrebak
zuk nirekin erabiltzen duzun errukiaz
ikusi ahalko ditut,
epailetzat ez,
senidetzat jokatuko dut haiekiko
eta zu gure Aita‑Ama izan ahalko zara orduan.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude