HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 25

Aldi hartan, hartu zituen Jesusek berekin Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eraman zituen haiek bakarrik. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean. Jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar ditzakeen baino zuriago. Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien, Jesusekin hizketan. Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez zekien zer esaten zuen; izan ere, zeharo beldurrak harturik zeuden. Orduan, hodei batek estali zituen, eta ahots bat atera zen hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta hartan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten eurekin, beste inor ez. Menditik behera jaisterakoan, ikusi zutenaren berri inori ez emateko agindu zien Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik piztu arte. Agindu hori bete zuten, baina elkarri galdetzen zioten zer izan ote zitekeen «hilen artetik pizte» hori.

Markos 9, 2-10.

Pasarte hau testuinguru berezian kokatzen da. Jesus Galileatik kanpo dabil Berri Ona zabaltzen eta beraiekin doazenentzat, ikasleentzat, bete-betean irakaskuntza ez samurra; froga handia. Une eta pasarte oso ezberdinak bizi dituzte: Jesusek nola sendatzen duen ikasten doaz, farisearrak bere lekuan nola jartzen dituen ikusten dute, ikasleei erantzunak eskatzen dizkie, hiltzera hel zitekeela aurreratzen die, berari jarraitzeko baldintza garbiak agertzen dizkie, sakoneko bizikizuna edukitzera gonbidatu, pazkoaren unea igarotzea eta, ondoren, Berri Onaren mezulari bihurtzera gonbidatu. Beraz, beharrezkoa prozesua Jesusen mezua barneratzeko, eta, beti ere, hasiera batean kokaturik: Berarekin Aurkitzearen bizikizun sakona. Oroitzen diren horietakoa. Inoiz gertatu ez den bezalakoa. Ez da perfektua izango, baina bai betetasun horretara zuzenduko gaituen gertakaria, baldin eta, egunerokoan zaintzen badugu. Eta Aurkitze horretan, Jesus Seme maitea dela entzun behar dugu; eta, Berarekin, ni neu, eta besteak. Beraz, Entzutearen garrantzia. Ze hitza entzuteko prest nago? Prozesua egiteko prestutasunik bai?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude